2.100 ikasletik gora parte hartzen ari dira ‘Euskaraz solas eta jolas’ programan

Nafarroako A eta D ereduetako Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan “Solas eta Jolas” ahozko praktikarako tailer trinkoak egiten hasi dira. Urte hasieratik martxora bitartean esleitu diren txandetan 22 ikastetxe publiko nahiz itunduko 48 ikastaldek hartuko dute parte, guztira 1.024 ikaslek. Apiriletik aurrera, berriz, beste 1.094 ikaslek parte hartuko dute Nafarroako Hezkuntza Departarmentuak antolatzen dituen euskarazko mintzapraktika tailerretan. Guztira, beraz, 2.118 ikaslek parte hartuko dute egitasmoan.

Egitasmoak D eta A ereduetako ikasleen ahozko euskara hobetzea du helburu, jolas giroko jarduera eta talde dinamiken bidez. Astebetez, ikastalde bakoitzak hezitzaile baten bisita jasoko du. Ikastaldeak erdibitu egingo dira: tutorea ikasleen erdiarekin geldituko da eta hezitzaileak beste talde erdia hartuko du. Ikasle kopurua erdira jaistean, ikasleek euskaraz mintzatzeko aukera gehiago izango dute, jakina baita talde kopurutsuetan zailagoa dela ahozkotasuna lantzea.

“Solas eta jolas” tailerrek azken urteotan Arantzan eta Beintzan egin izan diren Euskaraz bizitzeko egonaldiak ordezkatu dituzte. Egonaldiek euskara eskolaz harago eramateko helburua dute, baina 2020-21 ikasturtean ezin izan dira egin, Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz. Hala ere, helburu garbia zuen Marian Antoñana Euskara atalburuak azaldu duenez: “Argi zegoen pandemia egoeran ezin genituela euskarazko egonaldiak egin aterpetxeetan, baina aldi berean oso argi genuen ahozko euskara indartu behar genuela eskoletan. D eta A ereduko ikasle gehienentzat, eskola da euskara ikasteko eta erabiltzeko gune nagusia eta, batzuetan, ia bakarra. Udaberriaz geroztik aurrez aurreko eskolarik gabe zeudenez, euskaraz mintzatzeko askoz ere aukera gutxiago izan dute ikasleek”.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.