20 proiektu zientifiko-teknologiko Bizilabe Egunean

Bilboko 139 gaztek parte hartu dute ikasturte honetan Bizilabe proiektuan. Datorren urterako izen-ematea jada zabalik da.

2017. urteaz geroztik, Elhuyarrek antolatutako Bizilabe egitasmoak esperientzia zientifikoak eta teknologikoak sustatu ditu Bilboko gazte eta nerabeen artean. Ikasturte honetan egitasmoan parte hartu duten zenbait gaztek, 100 inguruk, beren proiektuak aurkezteko aukera izan dute Bizilabe Egunaren lehen edizioan.

Elhuyarrek antolatzen duen proiektuaren aurtengo edizioan Basurtuko, Deustuko, Otxarkoagako eta Zorrotzako 139 gaztek parte hartu dute, 11 taldetan banatuta; Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 88 ikaslek, DBHko 1. eta 2. mailako 38 ikaslek eta DBHko 3. eta 4. mailako 13 ikaslek.

Aurkeztutako proiektuak

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleek bederatzi proiektu aurkeztu dituzte:

  • Errealitate birtualeko betaurrekoak, hiru dimentsioko irudiak bistaratzen ari garela sentitzeko
  •  ‘Dance dance revolution’ eta ‘Satorra’ bideo-jokoak.
  • Kristalak eratzeko prozedura eta horretarako behar diren materialak.
  • DNAren inguruko ezagutzak, landare baten katea ateraz eta aztertuz.
  • Hidraulika proiektuak Pascalen printzipioa erabiliz.
  • Paperezko hegazkinen ingeniaritza aztertzeko egitasmoa.
  • Magnetismoa aztertzeko egitasmoa dute ferrofluidoak, slime magnetikoak eta elektroimanak bezalako esperimentuen bidez.
  • Eguzki Sistemaren maketa bat.
  • Argiaren propietateak aztertzeko proiektua.

DBHko 1. eta 4. mailako ikasleek aurkeztu dituzten proiektuak, berriz, honako hauek izan dira:

  • Blind runner: itsuentzako makila bat.
  • Biodiesela: erabilitako eta erabili gabeko olioetatik abiatuta biodiesela ekoizteko egitasmoa.
  • Future Street: material piezoelektrikotik energia elektrikoa sortzen duen errepide-prototipo bat fabrikatu dute.
  • Drona: 3D inprimatzeko teknikak erabiliz dron bat diseinatu eta eraiki dute.
  • Hidroetxea: maketa hidroelektriko bat diseinatu eta 3D inprimaketa-teknikak erabiliz eraiki dute, “pelton” motako turbina batekin.
  • Antibiograma: antibiograma teknikaren bidez elikagaietan dauden antibiotiko eta antifungiko naturalak aztertu dira eta antibiotiko komertzialekin alderatu dira. Lan honek saria jaso du Elhuyar Zientzia Azokan.
  • Hovercraft: aeroirristagailu bat eraiki dute hainbat materialekin.
  • Bideojokoa: bideojoko bat sortu dute Scratchekin haurrak elikadura-ohitura txarren inguruan kontzientziatzeko.
  • Laborantza hidroponikoa: laborantza hidroponikoa eraiki dute eta letxugak erein dituzte.
  • Kosmetiko ekologikoak: dutxa-gel bat, xanpu bat eta gorputz-krema ekologiko bat ekoitzi dituzte.
  • Pilula-banagailua: pilulak ordenan gorde eta banatzeko gailu bat sortu dute.
Datorren ikasturtera begira

Urrian hasiko den 2024-25 ikasturteko programarako Esperantza Frontoian beste gune bat irekiko da. “Izan ikertzaile eta asmatzaile” lelopean garatuko den edizioan izena emateko aukera jada zabalik da.

2017an Deustun ateak ireki zituenetik, Bilboko beste hiru gunetara zabaldu da: 2021ean Otxarkoagan jarri zen martxan, 2022an Zorrotzan eta 2023an Basurtun. 2017tik gaur egun arte 800 gaztek baino gehiagok hartu dute parte proiektuan. Gainera, Bizilabe komunitatea hazten joan da eta 25 enpresa, 43 ikastetxe eta 234 saltoki batu dira.