Urte amaieran eta berriaren hasieran ohikoa da zerrendak egitea asmoak eta desioak islatzeko. Gazteberrin aurten idatziko dudan azken hau 2018ari begira idatzi dut, 2017an zehar esku artean askotan izan dugun gaia, Indarkeria Matxista, beste behin ere lantzeko. Ekinaren ekinez aurreratu bada ere, oraindik mahai gainean hainbat etxeko lan geratu dira. Eta edonori eragiten digun lakra honekin behingoagatik amaitzeko, gizarte bezala erantzuna eman behar diogu. Egiteko geratu diren horiek hartu eta lanari ekin.
2016an Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK) Berdintasun lan-arloa berreskuratu genuen Emakunderekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker. Ordutik, egunero lan egin dugu hainbeste nahi dugun helburua lortzeko: emakume eta gizonen arteko berdintasunean oinarritutako gizartea.
Ibilbide labur honetan hainbat proiektu abiatu ditugu. Denboran jarraipen eta erabilera gehien izan duena, zoritxarrez, nabarmena da. 2016ko ekainaren 22an EGKren Batzar Orokorrean ‘Indarkeria Matxistaren aurkako protokoloa’ onartu genuenetik 100 aldiz aktibatu behar izan dugu. Zer esan nahi du honek? Urte eta erdian, guk jakin ahal izan dugunagatik, gutxienez 100 emakume gaztek salatu dutela Indarkeria Matxista kasuren bat. Bataz beste, bost egunean behin. Gehiegi. Tamalez, albiste txarrak ez dira hemen amaitzen. Emakumeen aurkako indarkeria-tasa globala gazteon artean ‰7,3ra iritsi zen 2015ean, gainerako emakumeena bikoiztuz. Hau da, 1.000 emakume gaztetik gutxienez zazpik haien aurkako indarkeriaren bat salatu zuten.
Egoera honen aurrean, Berdintasun erreala erdiesteko zailtasunak ikusita, zerbait egiteko beharra sentitu dugu. Asko egin da aurrera azken urteotan, baina bada oraindik lana egiteko. Salaketak egitean, hainbat eskari eta proposamen jarri ditugu mahai-gainean. Batetik, administrazioari; eta, bestetik, gazteriari. Lehenek politika zehatzak diseina ditzakete –zein ondo legokeen betaurreko moreekin begiratzea diseinatzen den politika oro–, salaketa-prozesuan dauden oztopoei –luzatzeko aukera edo zalantzan jarria izatearen esperientzia– irtenbidea bila diezaiekete eta hezkuntzan emakume eta gizonen arteko Berdintasuna zeharkako balore bezala txertatu. Sentsibilizazio-kanpainak egin, etorkizuneko belaunaldiek arazo hau pairatu behar ez dezaten.
Eta gazteok? Galdera honen erantzuna da 2017ko lehen seihilekoan garatu eta ekaina amaieran aurkeztutako ‘Indarkeria Matxistari #GukEzetz! kanpaina. Zerbait egiteko behar eta asmo horretatik jaio zen. Publikoki salatzeaz gain, pausu bat gehiago eman nahi genuelako. Gertatu aurretik zerbait egiteko. Sare sozial eta email bidez hainbat ekarpen jaso genituen, bideo batean batu eta ezagunak diren datuekin borobildu. Kultura-arloko aurpegi ezagun zein gazte edo gazte-elkarteen posizionamendu publikoak, #GukEzetz! jarreraren erakusle. Hamaika ekarpen, ahots bakarra.
Partaideetako askok esan bezala, Indarkeria Matxista gizarteko lakra bat da eta gizarte bezala erantzun behar zaio, norbanako eta talde ororen arazoa delako eta guztioi eragiten digulako. Emakume izateagatik emakume batek jasandako eraso oro baita Indarkeria Matxista. Inolako zalantzarik gabe. Eta guztiei, banan-banan, #GukEzetz! erantzun, erantzuten eta erantzungo diegu. Argi eta ozen. Publikoki eta ñabardurarik gabe. Ez dago desenkusarik.
Esan bezala, emakume eta gizonen arteko berdintasunean oinarritutako gizartea dugu helburu eta gure egunerokoan hori lortzeko lan egingo dugu 2018an. Guztion artean egin beharreko lana delako. Bakoitzak bere esparruan eraginda eta emakume eta gizonen arteko Berdintasunaren ideia hedatuz. Egunerokoan jarrera argia erakutsiz eta kasuei erantzun irmoa emanez. Administrazioa eta gizartea, gazte eta heldu, eragile eta norbanako. Are gehiago aurrez aipatutako datuak ikusita, badakigu bestelako eragile asko gurekin izango ditugula bidelagun. Jomuga gizarte bezala erantzutea izango da.
Maialen Olabe
EGKko presidentea