21 enplegu-ikastaro Gasteizko Udalaren eskutik

300 lagunek jasoko dituzte irailetik abendura bitartean egingo diren prestakuntza-ekintzak

Gasteizko Udalaren Enplegu Zerbitzuak iraila eta abendua bitartean gauzatuko den enplegurako prestakuntza-ikastaroen programa bat jarri du abian. Programa horrek 300 pertsonaren trebetasunak eta gaitasunak hobetzeko 21 prestakuntza-ekintza biltzen ditu, gero eta dinamikoagoa eta zorrotzagoa den lan-merkatuan haien enplegagarritasuna indartzeko. Izen-emateko aukera jada zabalik da udalaren webgunean.

Programak askotariko prestakuntza-arloak biltzen ditu. Eraikuntzaren eta Birgaitze Jasangarriaren sektorean, adibidez, “CE3X Ziurtapen Energetikoa”, “Lan eta Teknika Bertikalak” eta antzeko ikastaroak eskaintzen dira, eraikuntzan, iturgintzan eta elektrizitatean prestakuntza espezifikoez gain. Ikastaro horiek parte-hartzaileen gaitasun teknikoak eguneratzeko eta hobetzeko diseinatuta daude, egungo araudi eta tekniketara egokituz.

Industriaren eta logistikaren esparruan, berriz, soldadura-ikastaroak (TIG eta metal-arotzeria) eta “Biltegien antolaketa eta kudeaketa” barne hartzen ditu programak.

Hainbat arlo

Teknologia Berrietan eta Sormen Industrietan interesa dutenentzat, Udalak Alfabetatze Digitaleko oinarrizko prestakuntzetatik Profesionaltasun Ziurtagirietaraino eskaintzen ditu, hala nola “Produktu Grafikoen Diseinua”, Microsoften ziurtagiriak barne.

Prestakuntza-eskaintzan Merkataritza eta Pertsonen Arretarako sektorea ere sartzen da, “Arrandegiko laguntzailea”, “Harategiko laguntzailea” eta “Ostatuetako gelazaina” bezalako ikastaroekin.

Nekazaritza ekologikoaren esparruan, udal Enplegu Zerbitzuak hainbat ikastaro proposatzen ditu: “Baratzezaintza birsortzaileko ekintzailetza”, “Laboreen plangintza QROPekin” eta “Bermikonpostaje tailerra”. Formazio horiek nekazaritza-praktika iraunkorrak sustatzen dituzte, ekonomia berdearekin eta ingurumenaren babesarekin bat datozenak.

Ikastaro horietarako izen-emateak udalaren web orriaren bidez  egin daitezke, eta aurrez aurre Cetic eta Ellacuría prestakuntza-zentroetan eta herritarrei arreta emateko bulegoetan.