3.500 boluntario erregistratuta Nafarroan

Nafarroak du Estatuko boluntario-tasarik handiena: biztanleriaren % 44k boluntariotza jardueretan parte hartu izan du noizbait

Nafarroa da boluntario gehien dituen Estatuko autonomia erkidegoen sailkapenaren buru. Izan ere, azken hilabeteetan 600 boluntario berri gehitu ondoren, ‘Nafarroa, Orotan lagun’ plataformak 3.500 erabiltzaile erregistratu izatea lortu du. Datu horrek foru komunitateak boluntariotzaren esparruan duen lidergoa berresten du. Gainera, bildutako azken datuen arabera, Nafarroako biztanleriaren % 44 inguruk dio boluntariotza jardueretan parte hartu izan duela noizbait.

Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna

Boluntariotzaren Nazioarteko Egunaren ospakizunean Lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilari Felix Tabernak iragarri duenez, datorren urtean Nafarroa izango da Boluntariotzaren XXIV. Estatu Kongresuaren egoitza. Gizarte Eskubideen, Kontsumoaren eta 2030 Agendaren Ministerioak bultzatutako ekitaldi horrek urtero biltzen ditu sektoreko eragile nagusiak boluntariotzaren egungo egoera eta etorkizuneko ikuspegiak aztertzeko.

NASERTIC enpresa publikoak kudeatzen duen ‘Nafarroa, Orotan Lagun’ plataforma digitalak erakundeen eta boluntarioen arteko lotura errazten du jardueren katalogo eguneratu baten eta lurralde osoan 260 erakunde baino gehiago geolokalizatzen dituen mapa interaktibo baten bidez.

Aurten onartutako Nafarroako III. Boluntariotza Planak hurrengo lau urteetarako jarduera-esparrua ezartzen du 16 lerro estrategikotan banatutako 59 ekintzarekin. Bere ekimen nagusien artean nabarmentzen dira landa eremuetako boluntariotzaren sustapena, enpresekin aliantzen bidez boluntariotza korporatiboaren garapena eta boluntarioentzako egiaztagiri-txartel baten ezarpena.

Advertisements