300 boluntario baino gehiago ‘Iruñazaleak’ programan

Iruñeko Udalak aurten bertan boluntariotza-programa hau jarri du abian ekintza altruista eta solidarioak sustatzeko.

Iruñazaleak/Pamplonistas-ek, Iruñeko Udaleko boluntarioen sareak, sei hilabete bete ditu eta jada 300 baino gehiago izan dira udal-egitasmo ezberdinetan laguntzeko beren denbora, eskarmentua eta ezagutza modu desinteresatuan eskaini duten herritarrak.

Sareak lagundu duen egitasmoen artean haurrei eta nerabeei eskolarako, kirol-jardueretarako eta aisialdirako laguntza eskaintzen dien COworkids programa azpimarra daiteke. Une honetan 44 boluntariok lan egiten dute aipatu programa horretan.

Boluntario kopuru handia biltzen duen beste programa bat, irakurketa sustatzea helburu duen Lecxit izenekoa da. Kasu horretan 90 boluntario baino gehiagok lan egiten dute Lehen Hezkuntzako 4. eta 6. mailako ikasleekin astero irakurketarako guneak partekatzen eta irakurmen gaitasuna lantzen laguntzeko.

Adinekoak

Gaztetxoekin ez ezik, Iruñazaleak sarean lan egiten duten boluntarioek adineko pertsonekin ere lan egiten dute. Adibidez, 30 bat boluntariok pasoak ematen dituzten adineko herritarrekin eta beste 40 inguruk adineko pertsonekin izaten dira konpainia egiten bakardadeari aurre egiteko.

Aipatu programa horiez gain, programak arrakala digitala murrizteko teknologia berrietan trebatzeko aukera eskaintzen du eta baita animalien zaintzan laguntzeko aukera.

Sarean lan egiteko ez da berariazko formakuntzarik eskatzen. 16 urtetik gorako (12 urtetik gorakoek ere gurasoen baimenarekin) edonork parte hartu ahal du sarean. Horretarako nahikoa da inprimakia osatzea eta bertan zehaztea zein egunetan eta ordutegian lagundu ahal den, zein esparrutan lan egin nahi den eta aldez aurreko esperientzia zehaztea. Behin izena emanda formakuntza eta orientazioa jasotzen da.

Sarea osatzen duten boluntarioen % 60 inguru goi-mailako ikasketak dituzten emakumezkoak dira. Boluntario gehienak 30-50 urte ingurukoak badira ere, unibertsitate-ikasketak burutzen ari diren gazte asko ere dira.

Programaren inguruko argibide gehiago ezagutu nahi izanez gero, Udalak harremanetarako bide hauek jarri ditu aukeran:

  • Helbidea: Kondestablearen jauregia. Kale Nagusia 2 – 2. solairua (Zentro)
  • Telefonoa: 948 42 04 93.
  • Posta elektronikoa: pamplonistas@pamplona.es.
  • Arretarako ordutegia: 09:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era astelehenetik ostegunera eta ostiraletan 09:00etatik 15:00etara.