32 urte euskal komunitate digitala biltzen

Euskal Encounter topaketak bere 32. edizioa ospatuko du uztailaren 25etik 28ra bitartean

Hogeita hamabigarren urtez jarraian, Euskalamiga elkarteak eta Euskaltel Fundazioak antolatzen duten Euskal Encounter topaketa teknologia berrien euskal zaleen topagune izango da. Uztailaren 25etik 28ra bitartean, Bilbao Exhibition Centre-eko 5. pabilioian, 4.000 lagun baino gehiagok antolatzaileek prestatu dituzten jarduera ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute. Zehazki, antolatzaileek 4.096 gune prestatu dituzte, beren ordenagailuekin batera, izena ematen duten pertsonek ‘Party’-ko jardueretan parte hartzeko aukera izan dezaten. Ohiko jardueraz gain, antolatzaileek zenbait nobedade ere izango direla aurreratu dute. Horien artean azpimarratu behar dira gaming profesionalen arteko lehiaketak edo edukien sortzaileei berariaz zuzendutako Streaming izeneko eremu berria. 

Orain arte bezala, Euskal Encounter-ek ohiko atalak ere hartuko ditu, Party jardueren atalean: sormen digitala, hardwarea, software librea, jokoak…

Jarduera gehienak Opengune izeneko atalaren barruan garatuko dira. Hau topaketaren gune irekia da eta edonor sar daiteke bertan. Bertan izango dira, adibidez, gaurkotasuneko informatika-gaiei buruzko doako hitzaldiak eta erakusketak. Gune horretan ere informatika-arloko enpresek beren produktuak aurkeztuko dituzte.