33 gazte-proposamen gizartea hobetzeko

Gasteizko 14 eta 18 urte bitarteko 638 gaztek parte-hartzea sustatzea helburu duen Hiretu Hiria programaren azken edizioan parte hartu dute.

Gasteizko zortzi ikastetxetako 14 eta 18 urte bitarteko 638 gaztek, 33 lantaldetan antolatuta, gazteen parte-hartzea sustatzea helburu duen Hiretu Hiria programaren azken edizioan parte hartu dute.

2022ko urritik aurtengo martxora bitartean egin diren bederatzi lan-saiotan parte-hartzaileek beren errealitatea aztertu dute eta zenbait proposamen aurkeztu dituzte. Edizio honetan osasun mentala izan da gehien aipatu den gaia. Zehazki, 14 taldek gai horren inguruan lan egin dute. Hiru taldek ingurumenaren gaia jorratu dute. Beste hamaika taldek, berriz, arrazakeria, berdintasuna, boluntariotza, sare sozialak eta gazteentzako jarduerak bezalako gai sozialetan sakondu dute eta, azken bost taldeek hiriarekin harremana duten gaiak landu dituzte: segurtasuna eta mugikortasuna.

Proposamenak

Proposamen guztiak egitasmoak Instagramen duen kontuan eta udalaren webgunean ikusi ahal izango dira datorren martxoaren 30era arte. Egun horretan proiektu onenaren bozketa amaituko da.  Hurrengo egunean, martxoak 31, Hiretu Hiria gala ospatuko da Europa Kongresu Jauregiko María de Maeztu entzunaretoan. Bertan, gazteek beren proposamenak azalduko dituzte eta bertaratutakoen artean bigarren bozketa bat egingo da.

Bi bozketetan boto gehien biltzen dituen proposamenak irabaziko du aurtengo edizioa.