50 milioi tona plastiko baino gehiago naturara doaz

Kopuru horren garrantziaz ohartzeko, zabor hori guztia lerrokatuko bagenu, Lurrari buelta emango lioke 1.500 aldiz baino gehiago.

‘Nature’ aldizkarian argitaratu berri den azterlan batek agerian utzi duenez, urtero, produktu plastikoko 52 milioi tona zabor baino gehiago naturara doaz. Kantitate horren dimentsioa ulertzeko, zabor hori guztia ilaran jarriko  bagenu, Lurrari buelta emango lioke 1.500 aldiz baino gehiagotan. Azterlanak azpimarratzen duenez, kopuru hori orain arte egindako aurreikuspenen bikoitza da.

Leeds-eko eta Stockholm-eko unibertsitateko ikerlariek Adimen Artifiziala erabili dute mundu osoko 50.000 udalerri baino gehiagoko zaborraren kudeaketa mapatzeko eta aztertzeko. Azterlanean plastiko-emisio gisa sailkatzen da, kudeaketa sistema batetik pasa ostean, naturan kontrolik gabe amaitzen den edozein zabor. Adituen ustez, mundu mailan plastikoaren ekoizpena esponentzialki hazi da eta urtero 450 milioi tona baino gehiago ekoizten dira.

Nola sortzen da kutsadura hori?

Baina nola iristen dira plastiko horiek naturara? Artikuluan zehazten denez, plastiko-kutsaduraren bide nagusiak biltzen ez den zaborra eta horrelako hondakinak aire zabalean erretzea dira. Azken hori gizakion osasunerako oso praktika arriskutsua da.

Munduan den plastiko-kutsaduraren bi heren baino gehiago biltzen ez diren hondakinen ondorioa da. Izan ere, 1.200 pertsona baino gehiagok, hots, munduko biztanleria osoaren % 15 baino gehiagok, ez du horrelako zerbitzurik.

Bestalde, 2020. urtean, 30 milioi tona hondakin plastiko baino gehiago erre ziren inolako ingurumen-kontrolik gabe. Kopuru hori etxeetan, kaleetan eta zabortegietan plastikoek eragindako kutsaduraren % 57 da.

Hondakin plastiko guztiaren bi heren inguruk 20 herrialdetan du jatorria. Hondakin gehien sortzen dituen herrialdea India da eta, jarraian, Nigeria, Indonesia eta Txina daude.

Ipar hemisferioko herrialdeetan, makroplastikoen kutsadura (bost milimetro baino handiagoko hondakinak) neurrizkoa da, batez ere, hondakinak kudeatzeko dauden sistemei esker. Per capita terminoetan, kutsadura plastikoa kezkagarria da Saharaz hegoaldeko Afrikan, batez beste, pertsona bakoitzeko, urtean, 12 kilo hondakin sortzen baitira.

Ikerlariek zaborraren bilketa oinarrizko zerbitzutzat hartzea gomendatzen dute, edateko ura eta saneamendua bezala eta, aldi berean, plastikoen ekoizpena mugatzea proposatzen dute, bereziki, erabilera bakarreko plastikoena.