Irailaren hasieran Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) Lurran inoiz izan den tenperaturarik altuenaren datua berrikusi zuen. Ordurarte, inoiz ofizialki erregistratutako tenperaturarik altuena Libiako basamortuan jaso zen 1922ko irailaren 13an eta 58 gradutakoa zen. Orain frogatu ahal izan denez, orduan jasotako datu hori ez da zuzena eta, ondorioz, Lurran inoiz izan den tenperaturarik altuena 1913ko uztailaren 10ean Kaliforniako ‘Death Valley’ delakoan hartutako 56,7 gradutakoa da. Hainbat aditurentzat Arizona eta Kalifornia artean banatuta dagoen basamortu hau da munduko lekurik beroena. Inoiz erregistratutako tenperaturarik altuenaz gain, Death Valleyen 48 gradutatik gorako tenperaturak jaso ziren 43 egunez jarraian 1917. urtean.
Aipatu bi leku hauetan, noski, ez da inor bizi. Hala ere, badira tenperatura horietatik oso gertu dauden beste zenbait gune populatu. Horrela, Malin edo Tunisian, sarritan, 54 gradutara iristen dira eta, horregatik, bi herrialde hauetan, sargoriak eta edateko ona den uraren faltak hainbat heriotza eragiten ditu.
Adituen ustetan, gizakia hobeto moldatzen da ingurune oso hotzetan oso beroetan baino eta joera hau areagotu egingo da aldaketa klimatikoaren eraginez. Gure gorputzak badu oso tenperatura hotzetara moldatzeko gaitasuna baina ez, ordea, oso tenperatura altuetara. Tenperatura oso altuek eragiten dituzten intsolazioek edota deshidratazioek pertsona baten bizitzarekin amai dezakete oso ordu gutxitan.