9 erronka osasungarri bizitzeko prest?

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak uda honetan 9 erronka osasungarri gainditzera animatzen ditu Bizkaiko gazteak

Inoiz egin ez duzun kirol bat egin, liburu bat eguzkitan irakurri, garraio publikoa erabili, euskal plater bat prestatu, ilunabar bat ikusi, kostaldean paseatu, antzerki edo musika ikuskizun batez gozatu kalean, zinemara joan eta 500 metro baino gehiago dituen mendi batera igo.

Horiek dira Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan, udan zehar Bizkaiko gazteei proposatzen dizkien udako bederatzi erronka osasungarriak. Ekimen honen helburua da jarduera osasungarriak sustatzea.

Erronka osatzeko, gazteek bederatzi ekintzak bete eta argazki batekin dokumentatu beharko dituzte. Ondoren, inkesta bat erantzun behar dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren politika publikoei ekarpenak egiteko.

Jarduera osasungarrietan parte hartzeak dakartzan onurez gain, erronka guztiak betetzen dituzten gazteak bi sariren zozketan sartuko dira: hegaldi bat parapentean bi lagunentzat eta 50 euroko bonu bat kulturan gastatzeko.