Errenteriako Don Bosco Lanbide Heziketako Institutuko galdaragintzako eta soldadurako erdi mailako ikasle talde batek merkantzien banaketarako diseinatutako bizikleta bat diseinatu du. Egitasmoak Gurpil Artea Elkarteak sustatu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna Departamentuaren laguntzarekin.
Don Boscoko ikasleek Analema Design Studiorekin batera diseinatu dute bizikleta. Diseinu horri esker, erabiltzaileek mugikortasun modu berri bat barneratu ahal izango dute beren egunerokotasunean. Eredu berri horren helburua da bizikleta gero eta gehiago erabiltzea paketeak, janaria eta abar garraiatzeko.
Mugikortasun Foru Diputatu Rafaela Romerok azaldu duenez, bizikleta berriak “erantzuna ematen dio bizikletaren erabilera eta jarduera ekonomikoa dinamizatzeko ekimen bati. Aldi berean, uztartzen da mugikortasun jasangarriaren sustapenarekin, tokiko garapenarekin, eta, Gipuzkoa hobetze aldera, berrikuntza eta modernizazioa bultzatzearekin. Horiek guztiak departamentu honen helburu dira, gure lurraldea erreferente bihur dadin”.
Don Boscoren Berrikuntzako zuzendari Jose Luis Perez Riverok adierazi duenez, “ikasleek eta irakasleek oso partaidetza positiboa izan dute proiektu honetan. Izan ere, ateak irekitzen dizkio ikastetxean duela zenbait ikasturtez ezarrita daukagun prozesu metodologikoaren aplikazio erreal bati, erronketan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntzan egituratzen denari. Kasu jakin honetan, ikasleak izugarri sustatzen dituen praktika erreal bat da, eta, gainera, balioak lantzen dira, helburu sozial bat duen proiektu bat baita, ekonomia zirkularraren osagai garrantzitsu bat duena”.