Donostiako biztanleriaren % 74k kirola egiten du, gutxienez, astean behin. Oso datu positiboa da eta alor horretan herrialde aurreratuenen maila berean aurkituko litzateke. Hala ere, pandemiaren eraginez ezarri diren zenbait murrizketen ondorioz kirol-ohiturak aldatu dira. Horrela, Donostia Kirolaren 2021ko oroitidazkian jasotzen denez, nabarmen handitu da aire zabaleko kirol-jarduera, kirol-instalazioetan egiten denaren kaltetan.
Kirol-instalazioetan egiten den kirol-jardueraren jaitsiera Kirol-txartela duten erabiltzaileen kopuruan ikus daiteke. Horrela, 2021. urtean aipatu txartela zuten erabiltzaileen kopurua % 7,5ean jaitsi zen. Hortaz, Kirol Txartela duten lagunen kopurua 42.700 ingurukoa da. Jaitsiera horrekin, Kirol Txartela duen Donostiako biztanleriaren ehunekoa % 27,8tik % 26,1era pasatu da.
Donostia Kirolakek pasa den urtean antolatu zituen jarduera kanpainetan 27.000 lagun inguruk parte hartu zuten, aurreko urtean baino % 7,5 gutxiago. Jaitsiera nabarmenena izan duen jarduera Eskolako Igeriketarena izan da. Ikastetxeen bidez egiten den jarduera horretan jaitsiera % 50ekoa izan da. Kirol Ekintzak jarduera-kanpainan jaitsiera % 15ekoa izan da. Kasu horretan, ulertzekoa da Zuhaizti Udal Kiroldegia bost hilabetez itxita egon baitzen.
Txanponaren beste aldean, Aukeran programa aurkituko litzateke. Programa horrek malgutasun osoa eskaintzen du saioetan izena emateko eta, horri esker, parte-hartzea % 24an hazi da.
Azkenik, ia bere osotasunean aire librean egiten den UDA kanpainan parte-hartzea % 9an igo zen.
Aurten jasotako datuak ikusita, badirudi 2020. urtean galdutako erabiltzaileak bueltatzen ari direla. Horrela, jada 2,5 milioi erabilera erregistratu dira, aurreko urtean baino % 52 gehiago. Kiroldegi guztien artean Paco Yoldi da gehien erabiltzen dena (340.000 erabilera).