Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) ezagutzera eman ditu Euskal Herriko 93 udalerritan (UEMAko kide diren 87ak eta Tolosaldeako beste 6) egindako euskararen erabileraren inguruko kale neurketaren emaitzak. Datuak pasa den urtean jaso ziren eta horrelako neurketa egiten den bigarren aldia da; lehenengoa 2017. urtean egin zen. Bigarren neurketa honetan, 17 udalerri gehiagotan egin dira neurketak eta, hortaz, bi neurketen aldeko zuzeneko alderaketa egitea zaila egiten da.
Oro har, UEMAk aurkeztu duen txostenak ondorio nagusi bat uzten du: Euskal Herriko udalerri euskaldunenetan (bi neurketetan parte hartu duten 74 udalerrien datuak kontuan hartuta), euskararen batez besteko erabilera % 61 ingurukoa da. Bi neurketen artean ia ez da aldaketarik eman, baina azterketa sakonago batek kezkarako zenbait datu uzten ditu.
Haurrak eta gazteak dira euskaraz gehien aritzen direnak. Adinean gora egin ahala, euskararen erabilerak behera egiten du; % 50 inguru helduen artean.
Adibidez, arnasgunetzat jotzen diren udalerrietan kaleko erabilera hiru puntutan jaitsi da azken lau urteetan. Adina ere kontuan hartzeko faktorea da eta, agerian geratu denez, zenbat eta helduago orduan eta erabilera gutxiago. Haurrak eta gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak; % 75 eta % 65, hurrenez hurren. Helduen kasuan, berriz, kopuru hori % 50 ingurukoa besterik ez da. Haurrak tartean direnean erabilerak gora egiten du.
Txostenak agerian uzten duenez, euskararen erabilera handiagoa da emakumeen artean gizonen artean baino.
Datuak 2021. urtean jasotakoak dira, pandemiaren eraginez oraindik ere mugikortasuna mugatzen zuten neurriak indarrean zirenean. Hala ere, guztira 190.000 solaskide behatu dira, 2017. urtean egindako neurketan baino 34.000 gehiago.