Poloniako jokalari batek ‘partida bat gehiago’ esamoldea beste maila batera eraman du. Paweł Siciński gamerra Errekorren Guinness Liburuan sartu da bideo-joko ezagunean 416 urte eta 134 eguneko ibilbidea osatu ondoren. Football Manager 2018 erabiliz, Sicińskik lau mende baino gehiago eman ditu jokoaren barruan, 2018. urtetik 2434. urtera hain zuzen ere, talde ezberdinak kudeatzen. Tarte horretan, soilik 260 atseden egun hartu ditu. Guztira 22.300 partida eta ia 59.000 gol erregistratu ditu.
500 denboraldi
Protagonistak berak Twitter bidez azaldu duenez, bere errekorra 471 denboraldikoa da eta uda honetan 500 denboraldi osatuko dituela iragarri du. Gezurra badirudi ere, poloniarrak azaldu du “bizitzako ardurak errekorrak baino garrantzitsuagoak direla”.
Sicińskik ez du urtero egin ohi diren taldeen eguneraketarik behar izan errekorra lortzeko. Partida guztiak jokoaren bertsio berarekin jokatu ditu.
Aurreko errekorra Sepp Hedel alemaniarraren esku zegoen: 333 denboraldi.
Football Manager jokoa aisialdirako erabiltzeaz gain profesionalki ere erabili ohi da. Adibidez, Errealeko entrenatzaile ohi Phillippe Montanieren Toulouse taldeak Ligue1era igotzea lortu du. Taldeak plataforma horren datu basea erabili du azken bi fitxaketa merkatuetan jokalariak fitxatzeko.