Zabalik da jada Bilboko Udalak antolatzen duen #Gaztekluba Uda gazte-aisialdirako programan izena emateko epea. Izena emateko azken eguna datorren ekainaren 6an izango da.
Programa Bilbon bizi diren 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie. Aurtengo edizioan 475 plaza eskainiko dira. Programa horren bidez Udalak aisialdi alternatiba osasuntsu bat eskaini nahi die nerabeei udako oporraldian.
Programatuta dauden jardueretan parte hartu nahi duten horiek aldez aurretik www.bilbaogazte.bilbao.eus webgunean alta eman beharko dute.
Programa ekaina eta uztaila bitartean garatuko da. Guztira 9 irteera eta goizeko lau jarduera programatu dira. Irteerei dagokionez, 375 plaza eskainiko dira bost euroren truke. Irteerak egun osokoak izango dira eta kirola eta abentura uztartuko dituzte: piraguak, ibilaldiak zaldian, surfa, tirolinak, espeleologia, eskalada…
Goizeko jarduerak piragua eta paddle sup izango dira Bilboko itsasadarrean, eta 2 euroko prezioa dute.