Atzerritar jatorria duten pertsonen etorrera jaitsi da

2022ko urtarrilaren 1eko datuen arabera, beste herrialderen batean jaio eta EAEn bizi diren biztanleen kopurua % 11,5ekoa da

Pandemiak zuzeneko eragina izan du Euskadira iristen diren atzerritar jatorrizko pertsonen kopuruan. Alarma-egoera deklaratu eta bi urtera, Euskadirako fluxuek, oraindik ere, COVID-19aren eragina izaten jarraitzen dute. Hori da, hain zuzen ere, Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiaren azken txostenak agerian utzi duena. Txosten horren arabera, Euskadira iristen diren etorkinen kopurua modu drastikoan jaitsi da 2020 eta 2021 bitartean.

2022ko urtarrilaren 1ean Euskal Autonomia Erkidegoan atzerrian jatorria duten 253.038  biztanle bizi ziren, aurreko urtean baino 5.254 gehiago. Kopuru hori aurreko urtean erregistratutakoa baino  % 13,3 baxuagoa da, eta 2019an baino %73,4 gutxiago, urte horretan 19.732 atzerritar gehiago izan baitziren. Errekor historikoa 20.288 pertsonakoa izan zen 2008an.

Lurralde Historikoak aztertuz, kopuru handiena Araban aurkituko dugu. Herrialde hori da, hain zuzen ere, atzerritar jatorria duen biztanleriaren ehunekorik handiena duena: % 13,5. Jarraian Gipuzkoa (% 11,5) eta Bizkaia (% 10,9) daude.

Emakume gehiago

Ezaugarri soziodemografikoen azterketaren arabera, Euskadira iristen diren fluxuak feminizatuta daudela baiezta daiteke. Izan ere, EAEra iristen diren immigranteen artean emakumeak nagusi dira (% 52,3). Datu horrek azterketa sakonagoa merezi du. Horrela, Amerikatik datozen immigranteen kasuan emakumeen kopurua handiagoa den bitartean (% 60,9), Saharaz Hegoaldeko Afrikatik (% 35,5) eta Magrebetik (% 37,7) datozen emakumeen kasuan ehunekoak nabarmen baxuagoak dira.

Jatorriari dagokionez, migrazio-fluxuen geldialdiak ez du eragin berdina izan jatorri guztietan. Gurera etorri diren pertsonen  % 52 Latinoamerikako herrialderen batean jaio da, % 14,5 Magrebeko herrialderen batean eta % 14,2 Europar Batasunean.

Edozein kasutan ere, pandemiaren eragin handiena Europatik zetorren fluxuan eman da. Horrela, Europar Batasuna osatzen duen herrialderen batean jatorria izanik gure artean bizi ziren pertsonen kopurua nabarmen jaitsi da. Azken bi urteetan kopuru hori 37.017tik 35.842ra jaitsi da.

Herrialdeka

Herrialdeka, Maroko da gure artean bizi diren immigrante gehienen jatorria (% 11,7 – 29.701 pertsona). Jarraian, 28.675 biztanlerekin, Kolonbia aurkituko litzateke (% 11,3) eta ondoren, Nikaragua (15.070). Hortaz, Euskadin bizi diren eta atzerrian jatorria duten hiru pertsonetatik bat aipatu hiru herrialde horietako batean jaioa da. Bilakaerari dagokionez, Kolonbiako biztanleak dira azken urtean kopuruan gehien hazi direnak (+1.499) eta ondoren, Marokokoak  (+1.253).

Araban, Maroko, Kolonbia eta Aljeria dira hiru jatorri nagusiak. Bizkaian, berriz, antzeko egoera ematen da eta Kolonbia eta Maroko dira jatorri nagusiak. Distantzia handiagora Errumania eta Bolivia aurkitzen dira. Azkenik, Gipuzkoa da Erkidego osoan ematen den egoerara gehien gerturatzen dena eta bertan diren immigranteen jatorri nagusiak Maroko, Nikaragua eta Kolonbia dira.