Japoniako Fukushima zentralean jazotakoak berriz ere energia nuklearraren inguruko eztabaida mahai gainean jarri du. Gure ekonomia modeloa, beste hainbat gauzen artean, energia kontsumo handi batean oinarritzen da eta hori lortzeko, zentral nuklearrak ezinbestekoak bilakatu dira. Energia iturri fosilen gainbehera bizi garen momentu honetan (gasa eta petrolioa noizbait amaituko zaizkigu) nuklearra etorkizunerako energia iturria bilakatuko zela zirudien, baita hainbat ekologistentzat ere. Baina energia iturri horrek desabantaila handi bi ditu: segurtasuna eta hondakin nuklearrak.
Historia
Energia nuklearraren aita Albert Einstein alemaniarra dugu. E=MC2 formula ezagunarekin, Einsteinek frogatu zuen prozesu batean masa galtzen denean hori ez dela desagertzen; ostera, energian eraldatu egiten da.
Energia nuklearra bi modu desberdinetan lor daiteke: fusioa eta fisioa. Lehenengoa soilik plano teorikoan garatuta dago, momentuz, fusioa lortzeko lor daitekeen energia baino gehiago erabili behar baita. Gaur egun martxan diren zentral nuklearrek, beraz, fisioaren bidez lortzen dute energia.
Dena den, energia nuklearraren lehen aplikazioa ez zen elektrizitatea lortzeko erabili. Izan ere, energia nuklearra arma oso suntsigarria da. Paradoxikoki, japoniarrek energia atomikoa bere azalan bizi izan duten bakarrak dira. Bonba atomiko batek, Hiroshima eta Nagasaki leherrarazi zituztenen antzekoak, 12 kilotoietako indarra du, hau da 12 tona TNT bezalakoa.
Bonbetan ez bezala, zentraletan lortzen den energia modu kontrolatuan egiten da, eta noski, ez hain kopuru handietan. Bere momentuan, energia nuklearra energia fosilen altertatiba moduan jaio zen. Pasa den mendeko 70eko hamarkadan bizitako petrolio eskasiak bestelako energia iturrien beharra agerian utzi zuen eta, ondorioz, zentral nuklearrak ugaritu ziren. Zentral ia horietan guztietan energia lortzeko erabiltzen den erregaia uranioa da, eta planetan diren uranio erreserbekin hainbat mendez jarrai genezake energia ekoizten.
Baina teoria alde batera utzita, praktikan energia nuklearrak bere desabantailak ere agerian utzi ditu bere bizitza ‘labur’ honetan. Harrisburg, Txernobil eta orain Fukushima bezalako istripuek agerian utzi duten bezala, energia horren truke ordaindu beharreko prezioa altuegia izan daiteke. Izan ere, energia nuklearrak hainbat segurtasun arazo planteatzen ditu: erradiazioak, leherketa baten mehatxua, hondakin nuklearren kudeaketa…
Energia nuklearraren abantailak
Estatu garatu batek behar duen energia kopurua itzela da. Normalean, energia hori guztia energia iturri desberdinetatik lortzen da: nuklearra, berriztagarriak, gasa, petrolioa… Estatu batek erabiltzen duen energia iturri nahasketa hau mix-energetikoa izenarekin ezagutzen da. Europar Batasunean, adibidez, ekoizten den energia guztiaren heren bat zentral nuklearretan ekoizten da.
Energia fosilen horniketak dituen gorabeherak direla eta (herrialde ekoizleetan diren arazo politikoen baitan horniketa ez dago ziurtaturik eta prezioek gora egiten dute) energia nuklearra alternatiba egokia bilakatu izan da herrialde garatuentzat. Ez hori bakarrik, hainbat adituentzat, energia fosilen aurrean energia berdea ere bada.
Mundu mailako datuak hartuta, 1996an zentral nuklearrei esker 2,33 biloi tona CO2 atmosferara bidali gabe geratu ziren. Istripurik egon ezean, eta hondakin erradioaktiboen kudeaketaren afera alde batera utzita, zentral nuklearrak ez direla oso kutsakorrak diote hauen defendatzaileek. Baina gakoa zentral hauen segurtasunean datza. Azken finean, abantaila hauek guztiek merezi dute hondamendi itzel baten mehatxua hor izanda? Kontutan hartu behar da horrelako istripu batek hainbat belaunaldietako bizitza baldintza dezakeela.
Dena es da arrosa kolorekoa
Energia nuklearraren erabilerak hainbat abantaila ditu, baina beti ere, ikuspuntu kapitalista batetik. Hau da, gizakien ongizatea ekonomiaren hazkunde etengabearen baitan dagoen bitartean, eta bestelako alternatibarik gabe, zentral nuklearren mehatxuarekin bizi behar izango dugula dirudi. Energia berriztagarrien hazkundea oso nabaria bada ere, egungo hazkunde ekonomikoaren jarraitzen badugu, energia iturri hauen bidez soilik ezinezkoa izango da eskaera guztiari aurre egitea.
Eta gure artean zer?
Euskal Herrian zentral nuklearren kontrako mugimenduak indar handia izan du eta hori dela eta Lemoizko zentrala martxan ez jartzea lortu zen. Dena den, gure lurraldetik oso gertu hiru zentral nuklear ditugu: Garoña, Bordele eta Tolosa.
Azken urteetan, Burgosen kokatuta dagoen Santa María de Garoñako zentralak zer esan handiak eman ditu. Berez itxita egon behar bazuen ere, gobernuak bere funtzionamendua luzatzea erabaki zuen, eta oraindik ere bere etorkizuna ez dago garbi. Zentral horren itxiera eskatzen dutenak izan badute beste arrazoi bat hau eskatzeko, izan ere Fukushimako zentrala Garoñaren ‘anaia’ da, hots, enpresa berak eraiki zuen eta erreaktore mota bera du: General Electriceko BWR motako erreaktorea hain zuzen ere.
Garoñako zentrala 1971ko martxoan jarri zen martxan eta, beraz, jada 40 urteko funtzionamendua bete du. Datu horren arabera, jada itxita egon beharko zukeen. Japonian gertatutakoa ikusita, adibidez, Alemanian 30 urtetik gorako zentral guztiak gelditu egin dituzte. Alemanian, azken hilabetean gelditu dituzten zazpi zentralak zenbatuta jada 19 zentral gelditu dituzte.
Frantzian ere nahiko zorrotz aritzen dira kontu horrekin. Horrela, Frantziak jada hamaika zentral itxi ditu, eta gaur egun herrialde horretan martxan den zentralik zaharrena 1978koa da.
EE.BBetan Garoña bezalako zentral guztiak (Mark 1 izenekoak) eraldatuak izan dira Harrisburgeko istripua eta gero. Estatu Batuetan martxan den zentralik zaharrena 1969koa da.