50 gazte ari dira Nafarroako Gazteriaren Institutuak Mañerun antolatu duen auzolandegian burutzen ari den Bargotako Monasterioaren indusketan lan egiten. Donejakue bidean aurkitzen da aipatu monasterioa eta XII. mendekoa da. Uztailaren hasieratik egindako lanei esker jada hainbat aurkikuntza egin dira.
Auzolandegian Estatuko hainbat Autonomia Erkidegoetako 18 eta 24 urte bitarteko gazteak ari dira lanean 25 pertsonako txandetan. Gazteak arkeologian adituak diren bi begiraleen ikuskaritzapean ari dira lanean eta, indusketa lanez gain, beste hainbat aisialdi jarduera ere burutzen ari dira.
Nafarroako ondare kulturala eta historikoa
Auzolandegi honen xedea da gazteen artean Nafarroako ondare historiko eta kulturala sustatzea eta zabaltzea. Aldi berean, Donejakue bidea egokitu nahi da. Bertan izan da, aste honetan bertan, NGIko zuzendari Carlos Amatriain. Bere esanetan, “horrelako auzolandegiek Nafarroako ondare historikoa berreskuratzen laguntzen dute eta, aldi berean, gazteek oso esperientzia aberasgarria bizitzeko aukera dute, bai maila pertsonalean zein kulturalean”.
Aurkikuntzak
Uztailean zehar egin diren lanak, nagusiki, monasterioaren erdigunean burutu dira. Bertan, estilo erromanikoko eliza bat aurkitu da. Lanak elizaren perimetroa mugatzera eta garbitzera bideratu dira etorkizunean monasterioa bisitatu ahal izateko.
Gainera, ganga-formako gela berri bat aurkitu da. Aurreko urteetako indusketetan multzoaren erdigunean, eraikuntzarik gabeko eremu ireki batean, putzu bat eta giza hondakin batzuk aurkitu ziren. Horiek klaustroaren eremu gisa identifikatzen dute gune hori, eta litekeena da han ehorzketaren bat izatea. Aurten egindako lanetan, berriz, klaustroarekin lotura izan dezaketen zenbait eraikuntza aurkitu dira. Era berean, XVI. eta XVII. mendekoak izan daitezkeen hainbat pitxer eta plater aurkitu dira.