Arabako gazteak indarkeria matxistaren aurka sentsibilizatzea helburu duen ‘Hitz kolpez’ programaren zortzigarren edizioan 16 ikastetxetako 800 bat ikaslek parte hartuko dute. Aurtengo edizioak 52 saio eskainiko ditu Gasteizen, Agurainen eta Guardian.
Aurten, ekimenak gazteen kolektiboan ez ezik, gurasoen kolektiboan ere jarri nahi du arreta, berdintasunezko hezkuntzarako osa dezaketen ereduari eta feminismorako borrokan guraso gisa bete dezaketen zereginari balioa emanez. Horregatik, gazteei zuzendutako saioez gain, gurasoei berariaz zuzendutako zenbait saio ere izango dira.
Programan parte hartzen duten gazteek desparekotasuna eta indarkeria matxista aztertzeko aukera izango dute, beren adierazpen nabarmenenak ez ezik, hain identifikagarriak ez diren bereizkeria-moduak legitimatzen eta naturalizatzen dituzten mezu eta diskurtsoak ere jasoko dituzten egoeren bidez.
‘Hitz kolpez’ programa
Aurtengoa ‘Hitz kolpez’ programaren zortzigarren edizioa izango da. Aurreko edizioetan, batez beste, Arabako DBHko 15-16 ikastetxetako 800 ikaslek parte hartu dute. Aurtengo edizioan antzeko kopuruetan mugituko da programa.
Programaren barruan antolatzen diren saioek ordu eta erdiko iraupena izango dute. Saio bakoitzaren hasieran bikote harremanetan ematen den indarkeria matxista ardatz duen antzerki txiki bat eskainiko da. Bigarren zatian, gazteek horren inguruko hausnarketa egin beharko dute.
Gazteei zuzendutako 42 saioak honako modu honetan banatuko dira:
- 27 saio Gasteizen (azaroaren 15etik 25era bitartean)
- 6 saio Agurainen (azaroaren 10etik 11ra bitartean)
- 9 saio Guardian (azaroaren 30etik abenduaren 2ra bitartean)
Gurasoei zuzendutako 10 saioak, berriz, horrela antolatu dira:
- Gasteizen, azaroaren 17an, 18an eta 24an, 18:00etatik aurrera, Ibaiondoko Felix Petite Antzokian.
- Agurainen, azaroaren 10ean, 18:00etan eta 19:3etan. Harresi Aretoan.
- Guardian, abenduaren 1ean, 18:00etan eta 19:3etan. Samaniego Jauregian.