Bi hilabete oso pantailara konektatuta

2022an Estatuko gazteek, batez beste, ordu eta erdi baino gehiago eman zuten egunero Tik Tok aplikazioan

Adingabeek, gutxi gora behera, egunero lau ordu inguru ematen dute ikasgelatik kanpo pantaila batera konektatuta. Kopuru hori bi hilabeteren baliokidea da. Gazteen artean arrakasta gehien duten aplikazioen artean Tik Tok bezalako sare sozialak eta WhatsApp bezalako berehalako mezularitzako aplikazioak aurkitzen dira.

Horiek dira, hain zuzen ere, adingabeei gailu elektronikoen erabilera mugatzea helburu duen gurasoen kontrolerako Qustodio plataformak urtero argitaratzen duen ‘De Alpha a Zeta, educando a las generaciones digitales’ txostenean jasotzen diren datuak. Aipatu plataformak lau milioi erabiltzaile baino gehiago ditu mundu osoan eta urtero adingabeek sarean egiten duten jarduera aztertzen du.

Ikerketa

Ikerketak 4 eta 18 urte bitarteko adingabeek lau herrialdetan (Espainian, Estatu Batuetan, Erresuma Batuan eta Australian) jarraitzen dituzten joerak eta pantailen erabilera aztertzen ditu. Plataformak emandako datuen arabera, era anonimoan, 400.000 familiak hartu dute parte.

Jasotako datuen arabera, Tik Tok sare soziala da, mundu mailan, gaztetxoen artean arrakasta gehien duen aplikazioa. Horrela, gazteek bertan ematen duten denbora nabarmen hazi da 2021. urtearekin alderatuta: 91 minutu eta 107 minutu, hurrenez hurren. Estatuari dagokionez, hazkundea % 20koa izan da, 80 minuturik 96 minutura, hain zuzen ere. 

Instagram Estatuko adingabeek gehien erabiltzen duten bigarren sare soziala da, egunean 56 minuturekin. Maila globalean, berriz, Snapchat da, egunean 72 minuturekin, sailkapenaren bigarren postuan. 

Txostenaren egileek diote, gizarte-sareen gorakadaren ondorioz, komunikazio-tresnak erabiltzeko denbora murriztu egin dela 2022an. Zehazki, WhatsApp, Teams edo Skype bezalako aplikazioen erabilera % 20 jaitsi da 2022an Espainian.

Esparru horretan WhatsApp da adingabeek gehien erabiltzen duten aplikazioa, baina eguneroko erabilera murriztu da: 2021ean 41 minutu izatetik, 2022an 32 minutu izatera pasatu da.

Gazteek eta nerabeek beren denboraren zati handi bat bideo-jokoetan inbertitzen dute: ordu-erdi inguru ematen dute egunero. Kopuru hori aurreko neurketan hartutakoaren antzekoa da.