Gizakiek Amerika populatu zuten duela 23.000 urte

Science aldizkarian argitaratu den ikerketa baten arabera, gizakiak uste baino 7.000 urte lehenago iritsi omen ziren Amerikara.

2021ean giza oinen marka fosil batzuk aurkitu zituzten White Sands Parke Nazionalean, Mexiko Berrian. Marka horien lehen datazioen emaitzek mesfidantza eragin zuten, oinatzak duela 23.000 eta 21.000 urte bitartean egin zirela adierazten baitzuten, eta horrek kontinente amerikarreko giza populazioari buruzko teoria tradizionalak ezeztatzen baitzituen.

Gure espeziea, Homo Sapiens, Afrikan sortu zen duela 150.000-250.000 urte. Ondoren, duela 80.000 urte inguru, lehen gizaki modernoak munduan zehar zabaldu ziren. Baina ez ziren aldi berean iritsi leku guztietara. Asia izan zen konkistatu zuten lehen kontinentea. Bertan aurkitu dira 70.000 urte baino gehiago dituzten giza arrastoak. Asiatik Europara iritsi ziren, duela 45.000 urte inguru. Eta azkenik, Amerikara iritsi ginen.

XX. mendean, arkeologoek uste zuten gizakiak duela 14.000 urte inguru iritsi zirela Ipar Amerikara, gaur egun Kanada denaren eta AEBko iparraldearen artean izotzik gabeko korridore bat sortu zenean. Korridore horrek Alaskatik Ipar Amerikaren bihotzeraino bidaiatzeko aukera emango zien gizakiei.

Orain, berriz, nazioarteko ikertzaile talde batek “Science” aldizkarian argitaratu duen ikerketa baten arabera, White Sandsen aurkitutako aztarnetan oinarrituta gizakiak Amerikara duela 21.000-23.000 urte, inguru iritsi zirela baiezta daiteke, Azken Glaziar Maximoan, orain arte uste zena baino 7.000-9.000 urte inguru lehenago.

Ondorio horretara iristeko, ikertzaile-taldeak “optikoki estimulatutako luminiszentzia” izeneko datazio mota erabili du, kuartzo-aleak eguzki-argiaren eraginpean egon ziren azken aldiaren data kalkulatzea ahalbidetzen duena.

Aurkikuntza berriek zalantzan jartzen dituzte Amerikako lehen gizakien migrazio-ibilbideak eta gure espezieak muturreko glaziazio-inguruneetan egokitzeko izan zuen gaitasuna. Zientzialariek orain planteatzen duten galdera da ea gizakiak aurreko urtze-aldi batean iritsi ote ziren Amerikara edo izotz-hesiak ez ote ziren uste bezain gaindiezinak.