110 mila euro gazteen aisialdirako azpiegiturak mantentzeko

Gazteen elkarte-sarea babestea eta indartzea helburu duen Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntza deialdia martxoaren 5etik 20ra zabalik egongo da.

Martxoaren 5ean Bizkaiko Foru Aldundiak zabalduko du 2024an Lurralde Historikoan gazteen aisia eta astialdiko egiturak mantentzera bideratutako deialdian proposamenak aurkezteko epea. Deialdiak 110.000 euroko diru-zuzkidura du eta gazteen elkarte-sarea indartu nahi du, irabazi-asmorik gabeko erakundeen funtzionamendua eta aholkularitza babestuz. Proposamenak egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira, horretarako aukera martxoaren 20ra arte zabalik izango delarik.

Diruz lagundu daitezkeen jardueren artean daude koordinazio-egiturak mantentzea eta erakunde horiei laguntza aholku-emailea ematea 2024. urte osoan zehar. Modu horretan, gazteen aisialdian eta astialdian lan egiten duten elkarte eta erakundeei behar dituzten baliabideak eman nahi zaizkie beren egiturazko jarraitutasuna eta egonkortasuna bermatzeko. Deialdian parte hartu ahal izango dute gazteen aisialdi eta astialdian diharduten erakundeak koordinatzen edo aholkatzen dituzten Bizkaiko erakundeek.