‘Proiektu Artistikoak 2024’ deialdiko irabazleak

Deialdira aurkeztutako 60 lanetatik epaimahaiak 4 aukeratu ditu, datorren urtean Montehermoso Kulturunean ikusi ahal izango direnak

Montehermoso Kulturuneak ‘Proiektu Artistikoak 2024’ deialdian aukeratutako lau lanen berri eman du. Lan horiek datorren urtean erakutsiko dira, Kulturunearen programazioaren zati gisa. Deialdiaren edizio honetan 60 proiektu aurkeztu dira, eta horietatik Ivan Gómezen “La frágil piel del mundo”, Verónica Domingoren “Metrallako Zauriak”, Mar de Diosen “Perséfone” eta Maider Garayoren “Camiseta flúor y bañador Speedo” aukeratu dira.

‘Proiektu Artistikoak’ programaren helburua artista garaikideen lanak ekoiztea, erakustea eta zabaltzea da, eta, horretarako, arte-arloko hizkuntza eta diskurtso berriei buruzko hausnarketa sustatzen du. Hautaketa deialdi ireki baten bidez egin da eta adituen batzorde batek egin du. Hautatutako proiektuek 6.600 euroko laguntza ekonomikoa eta katalogo bat jasoko dute.

“La frágil piel del mundo”, Ivan Gómez

Ivan Gómezek elementu naturalak eta artifizialak konbinatzen dituen miaketa material bat proposatzen du, “Infirmitas” izeneko ikerketan oinarrituta. Hitz horrek, latinez “irmotasunik eza” adierazten du eta hauskortasunari egiten dio erreferentzia, gorputz sendo eta betierekoaren ideia tradizionala zalantzan jarriz.

“Metrallako Zauriak”, Verónica Domingo

Verónica Domingoren proiektuaren ardatza Arabako Memoria Historikoa berreskuratzea da. Espainiako Gerra Zibilak Euskal Herrian izan zituen aireko babeslekuei buruzko ikerketa baten bidez, Domingok Gasteizko eraikinetako sotoetan gerra garaian prestatutako espazioak arakatu zituen, herritarrak bonbardaketetatik eta gasen bidezko erasoetatik babesteko erabiltzen zirenak.

“Persefone”, Mar de Dios

Koganechon (Yokohama, Japonia) duen egoitza artistikoan aurkitutako teknika batean oinarritutako lana aurkezten du Mar de Diosek. Montehermoson teknika berria partekatuko du, eskuz modelatuta eta engobeak eta portzelana aplikatuta, eta noizean behin forma zehatzagoren bat eta leunagoren bat konbinatuko du, moldera itzuliz.

“Camiseta flúor y bañador Speedo”, Maider Garayo

Maider Garayoren proiektua lan dislokatu eta liminal gisa deskribatzen da, posturaren geometria, azelerazioa eta alienazioa bezalako gaiak jorratzen dituena. Garaiok proiektu hau esperientzia garaikide partekatuak eta ikuspegi anitzak aztertzeko katalizatzaile gisa erabiltzen du.