Getxok irekiko du Euskadiko jazz denboraldia

Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren 47. edizioan generoaren nazioarteko figura handiak itzuliko dira

Uztailaren 3tik 7ra, Getxok Euskadiko jazz-zirkuitua irekiko du Nazioarteko Jazzaldiaren 47. edizioarekin. Ekitaldi honek nazioarteko talde eta artista gazte entzutetsuak bilduko ditu, besteak beste, Stacey Kent, Hiromi, James Carter, Bill Frisell eta Kurt Rosenwinkel.

Muxikebarrin 21:00etan burutuko diren ordainpeko kontzertuen programazioari hasiera emango zaio uztailaren 3an James Carterren emanaldiarekin. Carter Michiganeko saxofoi-jotzailea da jatorriz, eta ezaguna da bere originaltasunagatik eta laurogeita hamarreko hamarkadan jazzaren figura nabarmenetako bat izateagatik.

Uztailaren 4an Hiromi Uehara japoniar piano-jotzailearen txanda izango da. Bere sormenak jazza, musika klasikoa eta pop-a hartzen ditu, inprobisazioa sofistikazio maila berrietara eramanez. Uztailaren 5ean, jaialdiak Kurt Rosenwinkel gitarra-jotzailea aurkeztuko du, Mark Turner saxofonista, Ben Street baxu-jotzailea eta Jeff Ballard bateria-jotzailea lagun dituela.

Uztailaren 6an, Stacey Kent arituko da, egungo jazzeko ahotsik dotoreenetako bat, eta uztailaren 7an, berriz, Bill Frisell gitarra-jotzailearekin amaituko da jaialdia.

Talde lehiaketa

Kontzertu bakoitzaren aurretik, ‘Talde Lehiaketa’-ko talde finalistak aurkeztuko dira. Gainera, jaialdiaren doako eskaintzan ‘Hirugarren Milurtekoa’ saileko kontzertuak izango dira, Algortako Geltokia plazan, 19:00etan. Atal horretan Irati Bilbao abeslaria, Juan de Diego tronpeta-jotzailea, Carmen Vela txirularia, Elias D ‘Hooge hirukote belgikarra eta Wasted Generation talde italiarra arituko dira.

Familientzat, jaialdiak kontzertuak eskainiko ditu 12:30ean Algortako Geltoki plazan, Musikene kontserbatorioan sortutako  ‘Femmm’ nonetoak ikastegiko ikasleen lan akademikoa eskainiko dute. Atal berean, “Swing for Kids” taldea ere arituko da.

Jaialdiaren egitarau osoa www.getxo-kultura.eus webgunean dago eskuragarri, eta kontzertuetarako sarrerak eta abonuak ere eros daitezke ohiko kanalen eta saltokien bidez, hala nola Kutxabank Sarea, Muxikebarri zentroa eta Erromo Kultur Etxea.