Arazo ekonomikoek osasun mentalean eragiten dute

CJEren eta Oxfam Intermon-en txosten baten arabera, zailtasun ekonomikoak dituzten gazteen % 55ek baino gehiagok osasun mentaleko arazoak dituzte

Arazo ekonomikoak ez zituzten gazteen % 37,7rekin alderatuta, gabezia material larriak dituzten Espainiako gazteen % 55,6k osasun mentaleko arazoak dituzte. Hala erakusten du Espainiako Gazteriaren Kontseiluak eta Oxfam Intermonek egindako “Equilibristas: las acrobacias de la juventud para sostener su salud mental en una sociedad desigual” ikerlanak. Txostenean azpimarratzen denez, Estatuko gazteek beren osasun mentala kinka larrian jartzen duten arazo ekonomikoei aurre egin behar diete. 

Terapiarako sarbidea beste alderdi kritiko bat da. Gazteen % 17k soilik adierazi du osasun publikoko espezialistek hilabete baino gutxiagoan artatu dituztela, eta ia % 38k dio ez duela laguntza profesionalik bilatzen oso garestia delako. Terapia pribatua jasotzea ez da eskuragarria gazte askorentzat, hilean bi saio izateko gazte batek batez besteko soldataren % 15 bideratu behar baitu.

Txostenak azpimarratzen du, halaber, ikasten eta lan egiten duten gazteen % 59k osasun mentaleko arazoak dituztela, eta ikasten ari direnen artean, berriz, % 35ek baino ez.

Osasun mentalean eragiten duen beste faktore garrantzitsu bat genero-desberdintasunak dira. Emakume gazteen erdiei osasun mentaleko arazoren bat diagnostikatu zaie; gizonen kasuan, berriz, % 41i.