67 gaztek parte hartuko dute Euskaldiko Gazteak Lankidetzan programan

Aurtengo edizioan 60 emakumek eta 7 gizonek boluntario lanak egingo dituzte Amerikako eta Afrikako 9 herrialdetan ia hiru hilabetez

67 gaztek parte hartuko dute EAEko gazteen artean elkartasuna eta nazioarteko lankidetza sustatzea helburu duen Euskadiko Gazteak Lankidetzan 2024 programan. 

Uztailaren 4tik aurrera, parte-hartzaile horiek bederatzi herrialde desberdinetara bidaiatuko dute, Euskadiko hainbat GGKEren proiektuetan lankidetzan aritzeko, tokiko erakundeekin elkarlanean. Honduras, Peru, Ekuador, Mexiko, Guatemala, Bolivia eta Kolonbia Amerikan; eta Ginea Konakry eta Etiopia Afrikan izango dira proiektu horiek hartuko dituzten herrialdeak. Guztira, programan parte hartuko duten 10 euskal GGKEek 22 proiektu garatuko dituzte herrialde horietan.

Ekainaren 18an, 67 gazteek beren hegaldi-txartelak, bisak eta beharrezko dokumentazioa jaso zituzten Lehendakaritzan egindako ekitaldi batean. Ekitaldi hori Iñigo Urkulluk lehendakari gisa egindako azken ekitaldi ofizialetako bat izan da.

Euskadiko Gazteak Lankidetzan Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Zuzendaritzak eta Elankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak antolatzen duten programa da. Programaren xedea da gazteak hegoaldeko herrialdeetako lankidetza-ekintzetan sentsibilizatzea eta herrien eta kulturen arteko elkartasun-kultura sustatzea. Urkulluk berak azpimarratu duenez, “31 urteetan, 2.500tik gora gaztek hartu dute parte programan, eta Euskadiko eta Hegoaldeko herrialdeetako 100 GGKE baino gehiagok lagundu dute”.