Musika ere protagonista Korterraza jaialdian

Korterraza Gasteizek doako zazpi kontzertu eskainiko ditu Artium Museoan eta Falerinako Lorategian

Uztailaren 4tik 6ra bitartean, Korterraza Gasteizek doako kontzertu sorta bat eskainiko du Gasteizen. Ekitaldiak Artium Museoaren kanpoaldean eta Falerina Lorategian egingo dira, edukiera bete arte.

Jaialdia uztailaren 4an hasiko da, 18:30ean, Trikoma talde arabarrarekin. 2011. urtean Maeztun sortua, taldeak Gazte-Talent lehiaketa irabazi zuen 2019an, eta, horri esker, lehen diskoa grabatu zuten, “7 ticket” izenburukoa. 2022an, “Zuretzako mezua” izeneko biniloa argitaratu zuten, eta azken lana “Itotzen” izenekoa da. 20:00etan, Belakok, nazioartean ezaguna den euskal taldeak, bere bosgarren diskoa aurkeztuko du, “Sigo regando“.

Uztailaren 5ean, Calizok arratsaldea irekiko du 18:30ean Artium Museoaren kanpoaldean. Rock taldeak bere lehen diskoa aurkeztuko du, “Soy la montaña”. Taldeko kideek ibilbide luzea dute estatuko rock eta soul eszenan. 20:00etan, Combo Paradisok hartuko du lekukoa. Julian Maeso, Adrian Costa, Juan Zelada eta Alberto Anautek osatutako talde honek bere bigarren lana aurkeztuko du, “Todo bien todo el rato”.

Uztailaren 6an, larunbata, jaialdiaren azken eguna izango da. 13:30ean, Falerina Lorategian, Mondo Infiel aurkeztuko da, Adolfo J. Alcocer gitarra-jotzailearen proiektua, arabar musikariekin batera. Taldeak “Poliedros” albumeko abestiak joko ditu. Geroago, 18:30ean, Niña Coyote eta Chico Tornado bikoteak beren ikuskizun kementsua eskainiko dute Artium Museoaren kanpoaldean. Eguna 20:00etan itxiko du The Steepwater Band taldeak eta blues-rock indartsua aurkeztuko dute. Chicagoko talde hau 1998an sortu zen, eta 2005ean Azkena Rock Festival jaialdian debuta egin zuenetik da ezaguna Gasteizen.