Arabako gazteen artean mendekotasunak prebenitzeko ekintzak

Arabako Foru Aldundiak hainbat programa garatuko ditu udan, gazteei ludopatiaren eta alkoholaren eta hainbat drogaren kontsumoaren arriskuen berri emateko

Arabako Foru Aldundiak 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako adikzioen inguruko 51 prebentzio-ekintza egingo ditu uda honetan, oporraldiarekin eta tokiko jaiekin eta jaialdiekin batera. Jarduera horiek urriaren lehen hamabostaldira arte luzatuko dira eta, besteak beste, honako hauek biltzen dituzte: gazteekin zuzeneko esku-hartzeak jai-guneetan, alkoholari eta beste droga batzuei buruzko informazio-karpak, substantzia estupefazienteen analisiak, eta ostalaritzako profesionalei edari alkoholdunak modu arduratsuan emateari buruzko prestakuntza.

Aurtengo berrikuntza nabarmenetako bat ludopatien prebentziorako ihes-gela mugikor bat izango da, abuztuan dozena bat herritan ibiliko dena. 14 eta 15 urte bitarteko nerabeei zuzenduta, jarduera ludiko eta parte-hartzaile hori udal-igerilekuen inguruan egongo da, eta apustuen prebentzioari buruz ikasteko aukera emango die aipatu adin tarteko gazteei. Ihes-gela hori, honako udalerri hauetan izango da: Guardia, Eltziego, Bastida, Lapuebla de Labarca, Oion, Langraiz Oka, Ribabellosa, Murgia, Maeztu, Santikurutze Kanpezu, Dulantzi, Araia eta Agurain.

Preben-Jaia eta Info-Drogak programak

Preben-Jaia programa uda honetan itzuliko da herriko hainbat festatan karpa informatiboak jarriz, besteak beste, Santikurutze Kanpezun, Artziniegan, Moredako Mahats-bilketaren Jaian eta Agurainen. Karpa horietan, alkoholemia-testa egingo da borondatez, eta drogei buruzko informazioa ere emango da.

Gainera, Info-Drogak programak informazio guneak jarriko ditu herriko jaietan drogen azterketa eta analisiak egiteko. Programa honek prebentzio-ekintzak ere biltzen ditu, gazteei substantzien kontsumoaren osasun-arriskuen eta sexu-transmisiozko gaixotasunen prebentzioaren berri emateko.

Preben-Gazte programak zuzenean jarduten jarraituko du 12 urtetik gorako gazte-taldeekin, jokabide ez-osasungarrietan arriskuak murriztea sustatuz, hala nola tabakoa, alkohola edo beste substantzia batzuk kontsumitzean, eta jokabide oldarkorrak eta bortitzak prebenitzean. Ekimen hori Guardian, Eltziegon, Bastidan, Lapuebla de Labarcan eta Oionen egingo da, besteak beste.

Azkenik, Preben-Uda Splash programa udal-igerilekuetara, kirol-guneetara eta ostalaritzako negozioak dituzten naturguneetara zuzenduko da, arduradunak edari alkoholdunak modu arduratsuan banatzeko eta prebentzio-agente bihurtzeko.