UDAFEST udako jaialdiaren III. edizioa

Uztailaren 13an Gasteizko Aihotz plazara gerturatzen diren horiek tokiko produktuez eta artisau-garagardoaz gozatu ahal izango dute

UDAFEST jaialdiaren hirugarren edizioa datorren uztailaren 13an izango da, 11:30etik 21:30era,  Gasteizko Aihotz plazan. Jaialdia Erdi Aroko Hiriguneko denda eta ostalaritza elkarteak antolatzen du, eta bertako produktuetan beherapenak, euskal garagardo dastaketak eta zuzeneko musika barne hartzen dituen jardueraz betetako jardunaldia izango da.

Ekimenaren helburua da hurbileko merkataritza sustatzea, aisialdirako eta aire zabaleko jardueretarako aukerak eskainiz, gastronomia ehungintzarekin eta osagarriekin uztartuz, giro bizian. Edizio honetan, UDAFESTek tokiko ekoizleen eta establezimenduen partaidetza handiagoa izango du.

Artisau-garagardo festa

Arabako lau artisau-garagardo-ekoizlek — Bikra, Garagart, Scimmia eta Baias — parte hartuko dute ekitaldian, Basque Beer Artisau Garagardoen Elkartearekin batera. Garagardoak ekarriko dituzte Bizkaitik eta Gipuzkoatik eskaintza osatzeko. Gainera, tokiko gastronomiako hiru postu eta % 50erainoko beherapenak dituzten produktuak eskainiko dituzten tokiko hamahiru saltoki egongo dira. 20 ostalaritza-establezimenduk ere parte hartuko dute ekitaldian, artisau-garagardoaren ibilbidean.

Egunean zehar, 50 euroko hamahiru txartel zozketatuko dira eguneko erosleen artean. Nahiko da txartel bat betetzea eta hautestontzi batean uztea parte hartzeko. Horrez gain, artisau-garagardoaren sei unitateko pack-ak zozketatuko dira sare sozialen bidez jaialdiaren berri ematen duten horien artean, norberaren argazkiak igoz edo UDAFESTen argitalpenak partekatuz eta Gasteiz On etiketa jarriz.

Musika emanaldiak “Koxkor Taldea” eta “Colapso Grupo” taldeen eskutik izango dira.