Misterioa, suspensea eta intriga Gasteizera itzuliko dira

Irailaren 26tik urriaren 6ra bitartean Gasteizek Negrasteiz – Eleberri Beltz eta Poliziaren Nazioarteko jaialdiaren II. edizioa hartuko du

NeGrasteizEleberri Beltz eta Poliziaren Nazioarteko jaialdiaren II. edizioarekin Gasteiz eta Araba misterioaren eta intrigaren erdigune izango dira irailaren 26tik urriaren 6ra bitartean. Hamaika egunetan zehar, generoaren zaleak suspensea, misterioa eta intriga ardatz duen literaturan murgiltzeko aukera izango dute.

Jaialdiaren egoitza nagusia Europa Jauregia izango da eta urriaren 4, 5 eta 6an estatuko eta nazioarteko idazle nabarmenak izango dira bertan. Aurtengo Nadal Saria irabazi duen César Pérez Gellidak inauguratuko du jaialdia urriaren 4an. Amurrion sustraiak dituen eta 2015eko Letren Asturiasko Printzesa Saria irabazi zuen Leonardo Padura idazle kubatarra ere bertan izango da.

Guztira 26 egilek eta adituk parte hartuko dute mahai-inguruetan, solasaldietan eta liburuak sinatzeko saioetan. Jorratu beharreko gaien artean, besteak beste, thriller zirraragarriak eta detektibeen istorioak aurki daitezke. Gasteizen izango dira generoko hainbat idazle ezagun, hala nola José Francisco Alonso, Laura Azcona, Vanesa de la Puente, Patricia Jiménez, Tania Lagunilla, Haizea López, Leire Mauleón, Álex Oviedo, Marisol Pérez Urbano, Carlota Suárez, Samuel Vernal, Natxo Artundo, Juan Mari Barasorda, Jesús Camarero, Luis Ángel Fernández de Betoño, Fátima Frutos edo María Santórum Alaña izango dira jaialdian.

Literatura, eta askoz gehiago

Literaturaz gain, jaialdiak hiru mahai tekniko ere eskainiko ditu, eskola magistralekin. Hildakoen argazkigintzan aditua den Virginia De La Cruz Lichetek emango du horietako bat. Sektak eta jihadismoa (David Garriga Guitart eta Luis Santamaría del Rio) eta kriminologia eta psikopatia (Paz Velasco de la Fuente) gaiak ere jorratuko dira.

Musikak ere bere lekua izango du jaialdian, Iris Pencheren inaugurazio emanaldiarekin eta Joyful Gospel Choir-en emanaldiarekin. Nagore Olabuenagaren Urban Dance taldeak eta “Aquí te pintxo, aquí te mato” ibilbide gastronomikoak alaituko dute giroa, ArabaDendak elkartearen laguntzarekin.

Aste osoan zehar, hainbat jarduera osagarri egingo dira, hala nola hitzaldiak, liburuen aurkezpenak eta zineforum bat Florida Zinema-aretoetan.

Aurten, irailaren 26an eta 28an, hurrenez hurren, Amurriora eta Kuartangoko Zuhatzora zabalduko da jaialdia.

Generoko lan onenak baloratzeko, Elkar-Krelia-NeGrasteiz Sariak emango dira, euskarazko eta gaztelaniazko genero beltza eta poliziako lanak sarituz.