Haurdunaldia eta sexualitatea

Haurdunaldiak sexualitatean eragin ditzakeen aldaketak askotarikoak izan daitezkeenez, asko dira gai honen inguruan diren mitoak.

Haurdunaldia eraldaketa fisiko eta emozionalerako garaia da emakumearentzat. Gorputza izaki berri bat mundura ekartzeko egokitzen den heinean, sexu-esperientziak nabarmen alda daitezke. Baina, zenbateraino eragiten du haurdunaldiak emakumeen sexualitatean? Zer da egia gai honi buruz entzun dugun guztian?

Haurdunaldian, emakumearen gorputzak hainbat aldaketa hormonal eta fisiko izaten ditu, eta horrek eragina izan dezake haren desira sexualean eta intimitatean duten erosotasunean. Kasu batzuetan, sexu-desira areagotu egin daiteke, pelbisean odol-irrigazio handiagoa dagoelako; beste batzuetan, berriz, kontrakoa gerta daiteke, nekea, goizeko goragalea edo haurdunaldiari buruzko kezkak direla eta. Hortaz, ezinbestekoa da ulertzea emakume bakoitzak haurdunaldia modu bakarrean bizi duela eta, ondorioz, sexualitatean eman daitezkeen aldaketak askotarikoak izan daitezke. Zentzu horretan, bikotearekiko komunikazio irekia funtsezkoa da aldaketa horiei guztiei egokitzeko.

Aldaketak

Haurdunaldiak sexualitatean eragin ditzakeen aldaketak askotarikoak izan daitezkeenez, asko dira gai honen inguruan diren mitoak. Horien artean, ziurrenik, zabalduena da sexu-jarduerak fetuari kalte egin diezaiokeela. Garbi izan behar dugu arazorik gabeko haurdunaldi batean sexu-jarduera segurua dela eta ez diola kalterik egiten fetuari. Beste mito komun bat orgasmoak erditze goiztiarra eragin dezakeelako ustea da. Orgasmoek umetoki-uzkurdurak eragin ditzaketen arren, horiek aldi baterakoak izaten dira eta ez dira arriskutsuak haurdunaldi osasungarri baterako. Hala ere, funtsezkoa da emakumeek beren osasun-profesionalari kontsulta egitea, beren egoeraren araberako berariazko orientazioa lortzeko.

Haurdunaldiak aurrera egin ahala, sexu-harremanak deserosoagoak izan daitezke sabelaren tamainagatik. Kasu honetan, esperimentatu egin behar da biak eroso zaudeten posizioak aurkitzeko.

Erditzeak haurdunaldiak berak baino eragin handiagoa izan dezake sexu-harremanetan. Normalean hilabete batzuk behar izan ohi dira ‘normaltasunera’ bueltatzeko. Errekuperazio fisikoak, jaioberria zaintzeko eskaerek eta nekeak eragina izan dezakete emakumearen sexu-jarreran eta -desiran. Funtsezkoa da gorputza fisikoki sendatzen uztea erditze batetik. Erditu ondoren sexu-desira berraktibatzeko denbora eta pazientzia behar izan daitezke. Adibidez, baginako lubrifikazioa arazo bat izan daiteke hormona-aldaketen ondorioz, eta, beraz, erabilgarria da lubrifikatzaileak erabiltzea.

Haurdunaldian bizitza sexual osasungarria izateko modu bakarra komunikazio irekia izatea da, etengabe egoera berrietara egokituz, bata bestearekin enpatia izanez eta biak errespetuz jokatuz. Eta, jakina, ezin dugu ahaztu osasun-arloko profesional oso kualifikatuak daudela bizi-etapa berri honetan sor dakigukeen edozein zalantzarekin orientatzeko.