LGTBI gazteen laurden batek jazarpena jasan du eskolan

Estatuko LGTBI+ Federazioak argitaratu duen txosten baten arabera, eraso ohikoenak jazarpena, diskriminazioa, indarkeria fisikoa eta online jazarpena dira

FELGTBI+ erakundeak kaleratu berri duen “Estado LGTBI+ 2024: Educación” txostenaren arabera, LGTBI gizataldeko 18 eta 24 urte bitarteko lau gaztetik batek jazarpena pairatu du eskolan. Azterlana 40db agentziak egin dituen 800 online galdetegitan bildutako erantzunetan oinarritzen da. Horien arabera, pertsona horiek jan ohi duten eraso ohikoena jazarpena da (% 14,7) eta, jarraian, diskriminazioa (% 13,7), indarkeria fisikoa (% 7,4) eta cyberbullying-a (% 7,2). Horrelako erasoak nagusiki Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ematen dira, batez ere 3. eta 4. mailan. Txostenak jasotzen duenez, horrelako kasuen ia bi herenetan (% 64) ikastetxeek ez zuten inolako neurririk hartu. Ez hori bakarrik, txostenak agerian uzten duenez, Estatuko ikastetxeen erdiak baino gutxiagok (% 47,9) sexu-orientazioaren inguruko gaiak jorratzen dituzte ikasgeletan. Gainera, hiru ikastetxetatik batek bakarrik (% 33,70) lantzen du gorroto LGTBIfobikoaren prebentzioa.

Ikastetxeen inplikazio falta hori, nolabait, gizatalde horretako irakasleen tasa txikiaren ondorio izan daiteke. Azterlanaren arabera, LGTBI+ pertsonen ia % 70ek adierazi zuten ez zutela LGTBI+ irakaslerik izan hezkuntza-etapan, eta kopuru hori ia % 60koa da Z belaunaldiko ikasleen artean.

Aurreiritziak eta eskola-uzte goiztiarra

Txostenak agerian utzi duen beste datu interesgarri bat eskola-uzte goiztiarraren ingurukoa da. Aipatu txostenaren arabera, LGTBI+ gizataldeko gazteen artean eskola-uzte goiztiarraren tasa, batez beste, ikasleria orokorrarena baino nabarmen altuagoa da, % 18,9 eta % 13, hurrenez hurren.

COGAM elkarteak egin duen “LGTBIfobia en las aulas” ikerlanaren arabera, LGTBI+ kolektiboaren aurkako aurreritziak dituzten ikasleen kopurua 20 puntutan hazi da azken hiru urteetan

FELGTBI+ erakundetik adierazi dutenez datu horiek guztiak gizatalde horren aurkako aurreiritzien gorakadaren ondorio zuzena izan daitezke. Adibidez, erakundearen kide den COGAM elkarteak egin duen “LGTBIfobia en las aulas” ikerlanaren arabera, LGTBI+ gizataldearen aurkako aurreiritziak dituzten ikasleen kopurua 20 puntutan hazi da azken hiru urteetan. Azterlan horren arabera, gizatalde horren aurkako aurreiritziak ohikoagoak dira mutilen artean nesken artean baino. Ildo berean, ikerketa honek jasotzen du Z belaunaldiko gizon gazteen % 27 deseroso sentitzen dela genero bereko bikote bat eskutik helduta ikustean, Millenial belaunaldiko gizonak baino 16 puntu gehiago.

FELGTBI+ erakundetik adierazi dute aniztasunean heztea funtsezkoa dela desinformazioari, estereotipoei eta mitoei aurre egiteko. Horiek, esparru publikoan gero eta ohikoagoak diren gorroto-diskurtsoetan oinarritzen dira eta, datuek islatzen duten moduan, zuzeneko eragina dute gazteen artean. Joera horri buelta eman nahian erakundeak gazteei zuzendutako “Mute al mito” izeneko kanpaina jarri du martxan.