Alkohola, nerabeen artean zabalduta dagoen ohitura

Hego Euskal Herrian bizi den 15 eta 64 urte bitarteko biztanleriaren % 95ek alkohola edan du, gutxienez, behin bere bizitzan zehar. % 81ek azken 12 hilabeteetan edan du alkohola eta % 71k azken hilabetean

Alkoholaren kontsumoa Hego Euskal Herrian guztiz normalizatuta dago eta adin tarte guztietan gehien kontsumitzen den substantzia psikoaktiboa da. Ohitura hori adin goiztiarretan ere oso zabalduta dago eta edari alkoholdunen kontsumoa, batez beste, 16 urte inguruan kokatzen da.

Espainiako Osasun MinisterioarenMonografía sobre alcohol 2024’ txostenean jasotako datuen arabera, Euskadin eta Nafarroan bizi den 15 eta 64 urte bitarteko biztanleriaren % 95ek alkohola edan du, gutxienez, behin bere bizitzan zehar.  % 81ek azken 12 hilabeteetan edan du alkohola eta % 71k azken hilabetean.

Oro har, alkoholaren kontsumoa ohikoagoa da gizonen artean emakumeen artean baino eta adinean gora egin ahala jaisten da. Gazteen kasuan, berriz, kontrako fenomenoa ematen da eta emakume gazteek gizon gazteek baino alkohol gehiago edaten dute. Euskadin zein Nafarroan, 15-64 urte bitarteko gizonen % 85ek alkohola edan  du azken hamabi hilabeteetan; emakumeen kasuan % 76k. Alde hori arestiko kontsumoan ere ikus daiteke (azken hilabetean), non gizonen kontsumoak emakumeena baino altuagoa izaten jarraitzen du (% 78 eta % 64, hurrenez hurren).

Kontsumo handia Hego Euskal Herrian

Nafarroa da alkohola kontsumitzen duten pertsonen artean intoxikazio etiliko akutu gehien dituen Estatuko Autonomia Erkidegoa. Nafarren % 25,7ek adierazi du azken hamabi hilabetetan mozkortu dela noizbait. Euskadiren kasuan, kopuru hori zazpi puntu baxuagoa da (% 20,4). Edozein kasutan ere, bi kasuetan ehuneko horiek Estatuko batez bestekoaren gainetik daude (% 16,7). Autoaitortutako mozkorraldiek prebalentzia handiagoa dute gizonen artean emakumeen artean baino.

Binge drinking izenarekin ezagutzen den gehiegizko kontsumoak atal berezi bat du Ministerioaren txostenean. Hego Euskal Herriaren kasuan, 15-64 urte bitarteko biztanleriaren % 17k horrelako kontsumoren bat izan du azken hamabi hilabetetan. Gehiegizko kontsumotzat hartzen da jarraian edo bi orduko tartean 5 edari alkoholiko edo gehiago hartzea gizonen kasuan, eta 4 edari baino gehiago emakumeen kasuan. Horrelako kontsumoak oso arriskutsuak dira osasunarentzat eta segurtasunarentzat.

Binge drinking izenarekin ezagutzen den alkoholaren gehiegizko kontsumoa ohikoagoa da 24-35 urte bitarteko gazteen artean, baina eguneroko kontsumoa, nagusiki, 55 urtetik gorako biztanleen artean ematen da

Horrelako kontsumoa ohikoa omen da 24 eta 35 urte bitarteko gazteen artean, baina eguneroko kontsumoa, nagusiki, 55 urtetik gorako biztanleen artean ematen da.

Gehien edaten diren edari alkoholdunei dagokienez, garagardoa da gehien edaten dena, bai gizonen artean, bai emakumeen artean. Hala ere, gizonek egiten duten kontsumoa emakumeek egiten dutenaren ia bikoitza da.

Nerabeen % 70 baino gehiago

Osasun Ministerioaren txostenak agerian uzten duenez, Euskadi eta Nafarroako 14 eta 18 urte bitarteko ikasleen % 70ek baino gehiagok adierazten du alkohola edan duela, gutxienez behin, azken hamabi hilabeteetan. Zehazki, Nafarroan, 14 eta 18 urte bitarteko gazteen % 78,1ek alkohola kontsumitu du, gutxienez behin, azken hamabi hilabeteetan eta % 64,1ek azken hilabetean. Euskadin ehuneko horiek arinki baxuagoak dira; aipatu adin tarteko gazteen % 72,6k alkohola kontsumitu du, gutxienez behin, azken hamabi hilabeteetan eta % 57,9k azken hilabetean.

Txostenean azpimarratzen denez, eta gizon gazteekin alderatuta, alkohola kontsumitzeko joera handiagoa dago emakume gazteen artean. Gainera, joera hori nabarmendu egin da azken urteetan. Adibidez, Nafarroan, emakume gazteen % 80,8k alkohola edan du azken hamabi hilabeteetan eta kopuru hori 5 puntu baxuagoa da gizon gazteen kasuan (% 75,5). Azken hilabetean egin diren kontsumoen kasuan, aldiz, emakume gazteena % 67,5ekoa izan da eta gizon gazteena, berriz, % 60,8koa. Euskadin, berriz, nesken % 79,1ek eta mutilen % 67,7k edan du alkohola azken urtean, eta nesken % 61,9k eta mutilen % 54,8k edan du alkohola azken hilabetean.

Botiloia, binge drinking-a eta mozkorraldiak

Txostenak agerian uzten dituen daturik kezkagarrienak autoaitortutako mozkorraldien eta gehiegizko kontsumoaren (binge drinking) ingurukoak dira. Normalean, horrelako kasuak botiloiari lotuta azaltzen dira.

 Nafarroa da autoaitortutako mozkorraldien prebalentziarik handiena duen Autonomia Erkidegoa: gazteen % 58,7k izan du noizbait horrelako intoxikazioren bat, % 52,5ek azken urtean eta % 29,4 azken hilabetean. Kasu honetan ere, Euskadin erregistratutako kopuruak arinki baxuagoak dira. Gazteen % 45 mozkortu izan da noizbait, % 41,3 azken urtean mozkortu da gutxienez behin eta % 24,7 azken 30 egunetan mozkortu da noizbait.

Gazteen artean alkoholaren kontsumoa errazten duen beste faktore bat horrelako edariak lortzeko dagoen erraztasuna da: nerabeen % 92k dio ez duela inolako arazorik edari alkoholdunak erosteko

Mozkorraldien patroia ere ohikoagoa da nesken artean mutilen artean baino. Nafarroan, nesken % 56,1 mozkortu da, gutxienez behin, azken urtean. Mutilen kasuan, azken 12 hilabetetan mozkortu direnen kopurua % 48,9koa da. Azken hilabetean mozkortu direnen kasuan ehunekoak oso antzekoak dira: nesken % 29,7 eta mutilen % 29,1. Euskadin antzeko joera ikus daiteke. Azken urtean mozkortu diren nesken ehunekoa (47,7) mutilena baino nabarmen handiagoa da (% 36,3). Eta azken 30 egunetan mozkortu direnen datuak aztertuta ere fenomeno bera ikus daiteke: nesken % 27,9k eta mutilen % 22,2k horrelako intoxikazioren bat izan dute.

Binge drinking delakoaren inguruan, Nafarroan nahiko hedatuta dagoen praktika dela esan daiteke. Izan ere, 10 nerabetik ia lauk (39,3) alkoholaren gehiegizko kontsumoa egin dute azken hilabetean. Kasu honetan ere, gehiegizko kontsumoak ohikoagoak dira nesken artean mutilen artean baino, %41,7 eta % 37, hurrenez hurren. Euskadin horrelako kontsumoa ez da hain ohikoa, baina, Nafarroan bezala, gehiago ematen da nesken artean (% 33,9) mutilen artean baino (% 31,2).

Arriskuak

Txostenak horrelako kontsumoek dituzten arriskuez ohartarazten du. Osasunarentzat kaltegarria izateaz gain, horrelako kontsumoekin zuzeneko harremana dituzten jokabideak ere oso arriskutsuak izan daitezke: mozkortuta gidatzea, borroketan parte hartzea edo babesik gabeko sexu-harremanak izatea. Hego Euskal Herriko gazteen erdiak baino gehiagok botiloiren batean parte hartu dute azken urtean eta Euskadiko gazteen % 27,6k eta Nafarroako % 20k kaleko zurrutean izan dira azken hilabetean.

Txostenak alkoholarekin nahastutako edari estimulatzaileen kontsumoa ere aztertu du. Euskadin, gazteen % 21,8k kontsumitu ditu edari horiek azken hilabetean, eta Nafarroan, berriz, % 17,1ek. Bi lurraldeetan, mutilek erabiltzen dituzte gehien nahasketa horiek.

Alkohola edateko arrazoiak

Nerabeek alkohola edateko aipatzen duten arrazoi nagusia ondo pasatzeko gogoa da eta, jarraian, horrelako kontsumoek eragiten dizkieten sentsazioak bilatzea.

Mutilen kasuan, gehien aipatzen den hirugarren arrazoia da alkoholak desinhibitzen eta gehiago ligatzen laguntzen diela. Neskek, berriz, deprimituta daudenean hobeto sentitzen laguntzen diela aipatzen dute.

Nerabeek gustukoen dituzten edari alkoholdunen artean gehien aipatzen direnak, % 22,4rekin, edari freskagarrietan oinarritutako konbinatuak dira. Jarraian, garagardoa eta sagardoa dira gehien aipatzen direnak. Kontsumo-patroi hori bi sexuetan ikusten da, baina konbinatuak ohikoagoak dira nesken artean eta garagardoa mutilen artean.

Txostenaren arabera, gazteen artean alkohol-kontsumoaren prebalentzia handia izatearekin batera, gazteen artean alkohol-kontsumoak dakarren arriskuaren pertzepzio txikia dago. DBHko 10 ikasletik 6k uste dute asteburuan 5 edo 6 edari alkoholdun (garagardo edo konbinatu) edateak arazo handiak edo nahikoak eragin ditzakeela eta eguneroko kontsumoa oso arriskutsua izan daitekeela.

Gazteen artean alkoholaren kontsumoa errazten duen beste faktore bat horrelako edariak lortzeko duten erraztasuna da: nerabeen % 92k dio ez duela inolako arazorik edari alkoholdunak erosteko. Kopuru hori egonkor mantendu da azken bi hamarkadetan. Horrek guztiak adierazten du, azterlanaren arabera, nolabaiteko normalizazioa dagoela alkohola kontsumitzeko ohituran, eta, aldi berean, izan daitekeela ohitura horren hedapenaren kausa eta ondorioa.