Talentu handiko musikari gazteen bila

Gazte Talent lehiaketaren X. edizioa Arabako 14- 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta zuzeneko kontzertu batean jotzeko aukera eskainiko du

14 eta 35 urte bitarteko musikari eta bakarlari gazteei zuzendutako Gazte Talent lehiaketak izena emateko epea ireki du. Lehiaketa honetan Araban eta Trebiñun bizi, ikasi edo lan egiten duten gazteek parte har dezakete. Lehiaketak bi modalitate ditu: lehen 14 eta 24 urte bitarteko musikarientzat eta, bigarrena, 25 eta 35 urte bitartekoentzat. Musika bandak eta bakarlariak aurkez daitezke. Salbuespen gisa, bandako kideen % 25ek 35 eta 40 urte bitartean izatea baimenduko da.

Lehiaketan parte hartu nahi duten musikariek beren lanaren grabazio bat bidali beharko dute, eta erakundeko kideek osatutako hautaketa-batzorde batek ebaluatuko du grabazio hori. Aukeratuek abenduaren 3an eta 4an Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izango den zuzeneko kontzertuen fasera aurrera egingo dute.

Sariak

Talde eta bakarlari finalista guztiek 200 euroko ordainsaria jasoko dute kontzertuetan parte hartzeagatik. Gainera, kategoria bakoitzeko irabazleek 1.000 euroko saria jasoko dute eta Gazte Plazan, Araba Euskarazen eta Andre Maria Zuriaren jaietan jotzeko aukera ere izango dute.

Bi akzesit banatuko dira, bata euskarazko emanaldirik hoberenerako eta bestea emakume gehien dituen talde edo bakarlariarentzat. Era berean, talde edo bakarlari bat aukeratuko da Jimmy Jazz aretoko egoitza batean parte hartzeko, eta bertan alderdi teknikoak eta musika-ekoizpenekoak hobetu ahal izango dituzte.

Izena emateko epea azaroaren 19ra arte egongo da zabalik. Izen-emateak gaztetalent@gmail.com helbide elektronikoaren bidez egin daitezke edo aurrez aurre Jimmy Jazz aretoko bulegoetan eta Gazte Informaziorako Udal Bulegoan.

Gazte Talent Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak eta Jimmy Jazz elkarteak antolatzen dute, Udal Kultura Zerbitzuaren, Foru Kultura Sailaren, Laboral Kutxaren eta Araba Euskarazen laguntzarekin.