Cristina Enea Fundazioak 2024ko udazkeneko jardueren agenda jarri du martxan. Programazioak herritarren artean ingurumen-kontzientzia eta jasangarritasuna sustatzea helburu duten 50 bat jarduera eta proiektu biltzen ditu. Proposamenen artean erakusketak, hitzaldiak, ikastaroak eta irteera gidatuak daude.
Jarduera gehienetarako izen-emateak dagoeneko zabalik daude, bisita antzeztuak izan ezik, horiek hilabete bakoitzeko lehen astelehenean egingo baitira.
Erakusketei dagokienez, Maria Cuetoren “Semillas voladoras” erakusketak lortutako arrakastaren ostean (Fundazioaren historian erakusketarik bisitatuena izan da), Mandasko dukearen jauregiak Vanessa Barragão artista portugaldarraren “Submerso – Imerso” izenburua duen erakusketa hartuko du. Erakusketa horrek mundu naturalaren interpretazio abstraktua du ezaugarri, ozeanoetako izaki sakonak gogorarazten dituzten forma organiko eta fantastikoekin.
Irteera programaren barruan, eta On Ekin kanpainarekin bat eginez, bisita egingo da Eguzki Borda baserrira. Era berean, Cristina Enea parkearen barruan txango gidatu bat antolatu da udazkeneko bitxikeriak aztertzeko. Abenduan Aleka baserri agroekologikoa bisitatzea aurreikusita dago. Gainera, Uliako Interpretazio Zentroak onddoei buruzko erakusketa bat hartuko du, eta basoko bainu saio bat ere antolatu da Ulian bertan.