Asteklimak sentsibilizazio-ekintzak sarituko ditu

Urriaren 18tik 27ra egingo den Asteklimaren V. edizioak klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloan herritarrak kontzientziatzeko ekimenik onenak sarituko ditu

Asteklimak, Euskadiko Klima eta Energiaren Asteak, bere bosgarren edizioa ospatuko du urriaren 18tik 27ra bitartean, Ekintza oro, txikia bada ere, garrantzitsua da lelopean. Asteklimak euskal gizartea trantsizio energetiko eta klimatikoaren alde mobilizatzea du helburu, eta aurten, nobedade gisa, herritarrak sentsibilizatzeko jarduera onenak sarituko ditu.

Asteklima 2024k jarduera-sorta zabala eskainiko du hiru lurralde historikoetan. Jarduera horien artean tailerrak eta hitzaldiak, zinema eta ipuin kontalariak daude. Horiek guztiek klima-aldaketaren aurrean herritarren ekintza sustatzea izango dute helburu nagusi.

Sentsibilizaziorako sariak

Aurten, tokiko erakundeen; ikastetxeen; Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eragileen; eta, irabazi-asmorik gabeko erakundeen ekimen nabarmenenak sarituko dira. Klimaren eta energiaren arloan herritarren kontzientziazioa eta erantzukidetasuna hobekien sustatzen dituzten egitasmoak sarituko dira.

Sariak hainbat kategoriatan banatuko dira:

  • EAEko ekimen onena, bat lurralde historiko bakoitzeko
  • Eskualdeko ekimen onena
  • 20.000 biztanletik gorako udalerrietako ekimen onena
  • 5.000 eta 20.000 biztanle arteko udalerrietako ekimen onena
  • 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietako ekimen onena
  • Ikastetxeetako eta lanbide-heziketako ekimen onena
  • Unibertsitateetako eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileen ekimen onena
  • Irabazi-asmorik gabeko erakundeetako ekimen onena

“EAEko ekimen onena” sariak 5.000 euroko zuzkidura izango du; gainerako kategoriek, berriz, 3.000 euro emango dizkiote ekimen irabazleari eta 1.500 euro accesitei.

Hautagaitzak urriaren 4ra arte aurkez daitezke Asteklimako webgune ofizialaren bidez. Proposamenak herritarrei zuzenduta egon behar dute, doakoak izan behar dute eta Klima eta Energiaren Astean egin beharko dira.

Asteklima Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak antolatzen du, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) eta Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren (IHOBE) bitartez.