Gazteentzako lehen ‘Urban Fest’ jaialdia Zaramagan

14 -30 urte bitarteko gazteentzako jaialdi berria urriaren 11n eta 12an izango da Zaramahga auzoko Laudio plazan

Gasteizko Zaramaga auzoak 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehen ‘Urban Fest’ jaialdia hartuko du urriaren 11n eta 12an.

Jaialdi berriaren helburua da aisialdirako gune alternatibo bat eskaintzea, gazteek sormena garatu eta hainbat kultura-, arte- eta kirol-diziplinatako jarduerez gozatzeko aukera izan dezaten. Gasteizko Udalaren Gazteria Zerbitzuak antolatuta, egitasmoa Udalaren V. Gazte Planaren eta Zaramaga Planaren barruan kokatzen da.

Programazioa urriaren 11n hasiko da, ostirala, arratsaldeko 17:00etan. Lehen jarduera jaialdiaren pankarta sortzea izango da eta, aldi berean, dantza tailerrak, skatearen hastapenak, 3×3 saskibaloi txapelketa eta graffitiak sortzeko gune bat eskainiko dira. Ondoren, 18:30ean, parkour tailerra izango da, eta 20:00etatik aurrera Zarata Selektion, Ziztada eta Rlantz, VI Polares eta BRN x Annekdotas taldeen kontzertuak izango dira.

Programazioak urriaren 12an, larunbata, jarraituko du 11:00etatik aurrera, kalisteniaren hastapena, hiri-artearen azoka txiki bat eta beste kirol aukera batzuekin. 20:00etatik aurrera, Dumb Boys Band, UWA x BHO, Sutan Klan eta Mud Records taldeen kontzertuak izango dira.

Urban Fest dantza, kalistenia, parkour edo 3×3 saskibaloi txapelketetan parte hartu nahi dutenek urriaren 9a baino lehen eman beharko dute izena udalaren webgunean.