Estibaliz Lizaso, Etxepare-Laboral Kutxa 2024 Itzulpen Saria

Itzultzaile tolosarrak eta Pol·len edicions argitaletxe kataluniarrak jaso dute saria Uxue Alberdiren “Kontrako eztarritik” lanaren katalanezko itzulpenagatik

Estibaliz Lizaso eta Pol·len edicions argitaletxea izan dira Etxepare–Laboral Kutxa Itzulpen Sariaren X. edizioaren irabazleak. Irabazleek Uxue Alberdi idazle eta bertsolariaren “Kontrako eztarritik” lanaren katalanezko itzulpenagatik jaso dute saria. Aipatu liburuaren katalanezko bertsioa “Revers. Testimonis de dones bertsolaris” izenburuarekin argitaratu da eta epaimahaikideen ustez aurtengo saria irabaztea merezi izan du itzulpenaren kalitateagatik, bertsolaritzaren hedapenean egindako ekarpenagatik eta genero rolen inguruko hausnarketagatik.

Sari-banaketa ekitaldia atzo izan zen Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. Irabazleekin batera, bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta lehen lehendakariorde Ibone Bengoetxea, Uxue Alberdi jatorrizko saiakeraren egilea, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza eta Laboral Kutxako ordezkari Jokin Gorriti.

Saria

Epaimahaiak Lizasok egindako itzulpenaren kalitatea azpimarratu du, “akatsik gabea” dela deskribatuz, egilearen mezua modu eraginkorrean helaraztea lortzen duen hizkuntza “egiazko eta jariakor” batekin. Gainera, lana euskaratik katalanerako “itzulpen zuzena” dela azpimarratu zuen, eta horrek bertsolaritza zabaltzen eta kultura ezberdinetan genero estereotipoak zalantzan jartzen laguntzen duela.

Pol·len edicions-i dagokionez, epaimahaiak Bartzelonako argitaletxeak euskal literatura sustatzeko duen konpromisoa aitortzen du, euskarazko idazleen lanak argitaratzeko eta zabaltzeko egindako ahalegina nabarmenduz. Argitaletxe honek jada saria jaso zuen 2019. urteko edizioan.

Ibone Bengoetxeak euskarazko literaturaren nazioarteko proiekzioan itzulpenak duen garrantzia azpimarratu du ekitaldian, “gure literaturari mugak irekitzen dizkiola eta beste kultura eta hizkuntzetan gure sormena eta gure idazleen talentua ezagutarazten dituela” azalduz.

Etxepare–Laboral Kutxa Itzulpen Saria 2015ean sortu zuten Etxepare Euskal Institutuak eta Laboral Kutxak, jatorriz euskaraz idatzitako literatur lan baten urteko itzulpenik onena aitortzeko.

Aurreko edizioetako irabazleak

2023

Amaia Gabantxo eta Parthian Books argitaletxea
‘Hezurren erretura’ (Miren Agur Meabe)
Eleberria
Ingelesera

2022
Mariolein Sabarte Belacortu eta Zirimiri Press argitaletxea
‘Amek ez dute’ (Katixa Agirre)
Eleberria
Nederlandera

2021
Nami Kaneko eta Shinchosha argitaletxea
Soinujolearen semea (Bernardo Atxaga)
Eleberria
Japoniera

2020
Eider Rodriguez eta Lander Garro eta Literatura Random House
Bihotz handiegia (Eider Rodriguez)
Ipuin bilduma
Gaztelania

2019
Ainara Munt eta Pol·len edicions
Hilda dago poesia? (Joseba Sarrionandia)
Poesia
Katalana

2018
Amaia Gabantxo eta Center for Basque Studies
Harri eta Herri eta Maldan Behera (Gabriel Aresti)
Poesia
Ingelesa

2017
Yaroslav Gubarev eta Anetta Antonenko
Behi euskaldun baten memoriak (Bernado Atxaga)
Eleberria
Ukrainera

2016
Nami Kaneko eta Hakusuisha argitaletxea
Mussche (Kirmen Uribe)
Eleberria
Japoniera

2015
Isaac Xubín eta Kalandraka argitaletxea
Tempo de exilio (Joseba Sarrionandia)
Poesia antologia
Galegoa