‘Batera’k zure kultur proiektua garatzen lagun diezazuke

Deialdi honen xedea da gazteek proposatutako euskarazko kultur proiektuak crowdfunding bidez finantzatzen laguntzea

Abian da crowdfunding bidez kultur proiektu berritzaileak laguntzea helburu duen ‘Batera, kultur proiektuak elkarrekin’ egitasmoaren deialdi berri bat. Lazarraga Kultur Elkarteak, Izaskun Arrue Kulturguneak eta Gasteizko Udalaren Gauekoak aisialdi alternatiboko udal programak antolatzen duten egitasmo honetan Euskal Herriko 16 eta 30 urte bitarteko gazte guztiek parte hartu ahal dute. Proposamenak askotarikoak izan daitezke, hala nola, liburu bat argitaratzea, jaialdi bat antolatzea, aplikazio bat garatzea, podcast bat abiaraztea, erakusketa bat egitea, bideojoko bat garatzea, euskarazko leloak dituzten kamisetak egitea, sare sozialetarako edukiak sortzea…

Aurkezten diren proposamen guztien artean, bigarren fase batera pasatuko diren hiru proiektu aukeratuko dira. Bigarren fase horretan, gazteek crowdfunding kanpaina bat garatzeko eta itsulapikoa.eus plataforman ezagutarazteko laguntza jasoko dute. Modu horretan, beren egitasmoa aurrera eramateko beharrezkoa duten finantzaketa lortzeko aukera izan dezakete.

Deialdia

Deialdian Euskal Herriko 16 eta 30 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute, banaka edo taldeka, baldin eta proiektuak euskaraz egiteko diseinatuta badaude. Bigarren fasera pasatuko den egitasmo bat, gutxienez, Gasteizkoa izango dela bermatuko da. Egitasmo horrek Gauekoak programaren eta Izaskun Arrue Kulturgunearen babesa izango du.

Proposamenak aurkezteko epea 2024ko azaroaren 27an amaituko da. Informazio gehiago nahi izanez gero, kultura@lazarraga.eus helbidera idatzi edo iak.eus webgunea bisitatu.

Oinarriak esteka honetan kontsulta daitezke. Egitasmoak erregistratzeko, berriz, beste esteka hau erabil daiteke.