Zinemakumeak Gara! erakustaldiaren XXIX. edizioa

Urriaren 21etik 26ra, Bilboko hainbat gunetan emakumeek zuzendutako zinema ardatz duten proiekzioak, tailerrak eta topaketak izango dira

Zinemakumeak Gara! emakumeek zuzendutako zinema erakusketaren 29. edizioa urriaren 21etik 26ra egingo da Bilboko hainbat gunetan: BBK aretoa, BilbaoArte, BBK Kuna, “La Bolsa” eraikina eta Golem Alhóndiga. Aurtengo edizioaren programazioa askotarikoa da eta film labur eta luzeen proiekzioak, tailerrak, mahai-inguruak eta hitzaldiak hartuko ditu. Gainera, generoaren ikuspegitik ikus-entzunezkoen euskal industriaren egungo egoera aztertzen duen erakusketa bat ere izango da.

Proiekzioak

Aurtengo programak 10 film luze eskainiko ditu. Horietako asko Cannes, Sundance, Valladolid Seminci eta Berlin bezalako nazioarteko jaialdietan aurkeztu dira jada. Film nabarmenen artean, aurtengo Berlingo Zinemaldian Urrezko Hartza irabazi duen Mati Diopek zuzendutako “Dahomey” (2024) filmaren Bizkaiko estreinaldia azpimarratu behar da.

Film luzeez gain, publikoak euskaraz azpititulatutako zazpi film labur eta zinema argentinarraren hiru film klasikoren bertsio zaharberrituak ikusi ahal izango ditu: “Camila” (1984), “Yo, la peor de todas” (1990) eta “Un muro de silencio” (1993).

Urriaren 21ean BBK Aretoan izango den inaugurazio-ekitaldian, Simone de Beauvoir Saria emango zaio Gracia Querejeta zuzendari eta gidoilariari, bere ibilbide zinematografikoa aitortzeko. Gainera, lehenbizikoz emango da BIHARGI EITB Saria, sortzen ari den talentua aitortzeko sortutako saria. Nerea Alberdi konpositore eta moldatzaile bilbotarra izango da sari hau jasoko duen lehen emakumea.

Zinemakumeak Gara! Bilbotik haratago hedatuko da, Basauri, Portugalete eta Bermeora iritsiko den programazioaren bertsio laburtuarekin.