Gazteen osasun mentala zaintzeko tailerrak

Urria eta abendua bitartean gazteei osasun mentala kudeatzeko baliabideak eskainiko dizkieten 6 tailer eskainiko dira, 3 euskaraz eta hiru gaztelaniaz.

Gasteizko Udalak gazteen osasun mentala ardatz izango duten tailer batzuk jarri ditu martxan. 14-30 urte bitarteko gazteei zuzendutako tailer horietan, estresa, antsietatea eta beste erronka emozional batzuk kudeatzeko tresna praktikoak eskainiko dira. Tailer horiek “Gazteen ongizate mentalerako lehen laguntzako kit-a” ekimenaren barruan kokatzen dira, eta gorputz-tekniken bidez osasun mentala hobetzeko estrategia eraginkorrak eskaintzea dute helburu.

Sei saiotan zehar, parte-hartzaileek ongizate emozionalerako funtsezkoak diren hainbat arlotan lan egiteko aukera izango dute. Arnasketa kontzientea, mindfulness-a eta gorputz-mugimendua bezalako metodoak erabiliz, bertaratutakoek estresa eta antsietatea kudeatzen, autoestimua hobetzen, izu-erasoak prebenitzen eta autozainketa-ohiturak garatzen ikasi ahal izango dute. Helburua da gazteei beren emozioak identifikatzen laguntzea eta horiek modu osasungarrian maneiatzeko trebetasunak eskuratzea.

Tailerrak euskaraz eta gaztelaniaz emango dira eta egutegia honako hau da:

  • Urriak 15, Salburua Gizarte Etxean, euskaraz.
  • Urriak 22. Salburua Gizarte Etxean, gaztelaniaz.
  • Azaroak 5. Iparralde Gizarte Etxean, euskaraz.
  • Azaroak 12. Iparralde Gizarte Etxean, gaztelaniaz.
  • Abenduak 10. Lakua Gizarte Etxean, euskaraz.
  • Abenduak 17, Lakua Gizarte Etxean, gaztelaniaz

Saio guztiak 18:00etan hasiko dira eta ordu eta erdi inguruko iraupena izango dute. Tailerretan parte hartzea doakoa den arren, plazak mugatuak dira eta, beraz, aldez aurretik izena eman behar da Udalaren webgunean eskuragarri dagoen formulario baten bidez.

Proiektua Hiretu Hiriaren parte hartzean oinarritutako hezkuntza programaren parte da, eta gazteek aukeratu dute Gasteiz Hobetuz Gazte ekimenaren esparruan. Programa honen helburua da gazteen ongizate emozionala sustatzea, garapen pertsonal eta sozialerako ingurune osasungarria sustatzen duten jardueren bidez.