Enplegagarritasunerako “hub” berria Araban

Egitasmoa Gasteizen eta Laudion izango diren hiru enplegu-anezken bidez garatuko da eta langabezian dauden 80 pertsonari lan-munduratzea erraztea du helburu

Arabako Foru Aldundiak, Santa María la Real Fundazioarekin eta Iberdrola España Fundazioarekin lankidetzan, enplegagarritasun-hub bat irekiko du azaroan, langabezian dauden 80 pertsonen laneratzea lortzeko. Proiektua Araban izango diren hiru enplegu-anezken bidez garatuko da, bi Gasteizen eta bat Laudion, eta Europako Gizarte Funtsak (FSE+) kofinantzatzen du. Interesdunek azaroaren 4ra arte eman dezakete izena programaren webgunean.

Abian jarriko den ‘hub’ berria langabeziaren aurka borrokatzeko estrategia bateratu baten parte da, eta “Enplegu-anezkak” programaren aurreko edizioetan lortutako emaitza onekin jarraitu nahi du. Izan ere, 400 arabarrek baino gehiagok parte hartu dute 2016. urteaz geroztik aipatu programa horretan eta, horietatik, ia % 60k enplegua lortu du, negozio propio bati ekin dio edo lanbide-heziketa bat osatu du lan-praktikekin.

Hub-aren egitura eta anezken ezaugarriak

Enplegagarritasun-zentroa 2024ko azarotik 2025eko maiatzera arte egongo da aktibo, eta formatu erdipresentzialean jardungo duten hiru enplegu-anezka izango ditu. Horietako bi Gasteizen egongo dira, ‘Activa’ Enplegu Anezkan eta ‘Despega’ Enplegu Anezkan. Lehenengoa langabezian dagoen talde heterogeneo bati zuzenduta dago, enplegu-bilaketa eguneratzeko eta hobetzeko helburuarekin. Bestalde, Despega enplegu-anezkak kalteberatasun-egoeran dauden pertsonak ditu ardatz, eta arreta espezializatua eskaintzen du haien laneratzea eta gizarteratzea errazteko.

Hirugarren anezkak, ‘Nomada’ izenekoak, Laudion izango du egoitza, eta “Activa” anezkaren ezaugarri berak izango ditu, edozein lanbide-sektoretako eta hezkuntza-mailatako pertsonei irekita. Antolatzaileen arabera, anezken eredu hau lan-merkatuaren azken joeretara egokitzeko diseinatuta dago, bost hilabete eta erdira luzatuz eta parte-hartzaileen sarrera malgutuz.

Laguntza pertsonalizatua eta zeharkako gaitasunak

Hub berriak orientazio pertsonalizatua eskainiko duten teknikari espezializatuek gidatuko dute, parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetzeko eta lan merkatuan gero eta gehiago eskatzen diren zeharkako gaitasunak, trebetasun digitalak eta gaitasun berdeak emateko. Gainera, taldean lan egingo da lan-elkarrizketak gainditzen erraztasun gehiago lortzeko eta enplegu-bilaketa optimizatuko duten tresna digitalak erabileran ohitzeko.

Programa honen ikuspegi berritzaileetako bat osasun mentalaren eta estresaren arreta da, langabeziako edo laneko ziurgabetasuneko testuinguruetan funtsezkoak diren gaiak baitira. Osasun mentalarena izango da, hain zuzen, programa hasi aurretik eskainiko diren web-mintegietan jorratuko den gaietako bat. Mintegi horietan, gainera, anezken metodologia eta adimen artifizialak laneratze-prozesuan izan ditzakeen aplikazioa ere jorratuko dira.

Web mintegiak eta material osagarriak

Anezkak hasi aurretik interesdunen eguneratzea errazteko, programak web-mintegien ziklo bat eskainiko du urrian eta azaroan. Aldez aurretik izena emateko mintegi horietan, enplegua bilatzeko funtsezko gaiak jorratuko dira, hala nola osasun mentala zaintzearen garrantzia edo adimen artifizialaren erabilera. Mintegien gaiak eta datak honako hauek dira:

  • Urriak 8: “Enplegua bilatzeko programa batek zure enplegagarritasuna hobetzen laguntzeko 7 arrazoi “. Izen-ematea.
  • Urriak 22: “Nola zaindu zure osasun mentala lana bilatzean”. Izen-ematea.
  • Azaroak 5: “Zertan lagun zaitzake adimen artifizialak lana bilatzen?”. Izen-ematea.

Gainera, azaroan deskargatzeko materiala jarriko da parte-hartzaileen eskura, lana bilatzeko aholku praktikoekin.

Anezketan parte hartu nahi dutenek doan eman dezakete izena, programaren web atariaren bidez, azaroaren 4ra arte. Anezken egoitzak honako hauek izango dira:

  • Gasteiz: CETIC, Castro Urdiales kalea 12.
  • Laudio: Arza eraikina – Laudio Hazi, Irkurutzeta z/g.