18 artista emergenteren lanak Ertibil Bizkaia erakusketan

Urte amaiera bitartean Ertibil Bizkaia erakusketa ibiltaria Igorren, Derion eta Amorebieta-Etxanon ikusi ahal izango da

Datorren urriaren 31ra arte, Igorreko Lasarte Aretoan, ikusi ahal izango dira Ertibil Bizkaia erakusketa ibiltariak jasotzen dituen lanak. Aurtengoa Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen erakusketa horren 42. edizioa da eta, ohi bezala, artista emergenteen lanak biltzen ditu. Aurten, 18 dira erakusketan parte hartzen ari diren artista bizkaitar gazteak. Arte bisualen ekimen honen helburua da sortzaile gazteei laguntzea beren ibilbide profesionalaren lehen etapan, beren lana erakusteko, beste artista gazte batzuekin loturak ezartzeko eta ibilbide profesionaletan aurrera egiteko espazio bat eskainiz.

Aurten jasotako 149 proposamenen artean, Bizkaiko arte garaikidearen aniztasuna islatzen duten 18 lan aukeratu zituen epaimahaiak. Aukeratutako piezen artean, instalazioak, pintura, eskultura, bideoartea eta argazkigintza daude.

Artista emergenteak

Hauek dira Ertibil Bizkaia 2024an saritutako hiru pertsonak eta hautatutako 15 pertsonak: Leo Burge, M. Benito Piriz, Lucía Jayo Altamirano, Tana Garrido Ruiz, Maider Gonzalo Salceda, Ángela R., Jon Ander Terroba, Ane Diez de Ulzurrun, Hodei Herreros, Idoia Leache, Julia Martos, Víctor Ortuño, Aida Valdes, Ane Berganza, Unai Cardoner, Martzel do Nascimento Goiria, Garazi Etxebarria Azurmendi eta Bakarne González & Eva Raya.

Erakusketa Igorreko Lasarte Aretoan izango da ikusgai urriaren 31ra arte eta. Ondoren, azaroaren 4tik abenduaren 2ra bitartean, Derioko Kultur Birikan izango da ikusgai eta, amaitzeko, Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroan izango da, abenduaren 3tik 30era bitartean.

Saritutako hiru artista gazte

Saritutako artisten artean Leo Burge nabarmentzen da, “Entre murmullos y cabellos” lanagatik lehen saria jaso baitu. Lan horretan egileak intentsitate plastikoak eta emozionalak arakatzen ditu marrazki sorta batean. Bigarren saria M. Benito Pirizek eskuratu du “Abrazo” eskulturagatik, eta hirugarren saria Lucía Jayo Altamiranorentzat izan da, “You ‘ll Never Guess” argazki-piezagatik.

Ertibil Bizkaia, 1983an sortua, erreferente gisa finkatu da sortzen ari den sorkuntza artistikoari laguntzeko eta talentu gazteen esperimentazioa eta proiekzioa sustatzen ditu.