Irakurzaletasuna sustatzeko 70 jarduera baino gehiago

Iradier Arenak Liburuak Trukatzeko Azoka hartuko du urriaren 19an eta 20an, Liburutegien Eguneko ospakizunen barruan

Gasteizko Udal Liburutegien Sareak 70 jarduera baino gehiago programatu ditu urria eta abendua bitartean, irakurzaletasuna sustatzeko. Ekimen horiek hiriko gizarte-etxeetako 23 liburutegietan egingo dira.

Denboraldi honetako proposamenen artean euskarazko bi jarduera nabarmentzen dira: “Irakurketa familian” eta “Idazteaz beste”. Lehenengoa 8 eta 9 urte bitarteko umeei zuzendutako irakurketa kluba da, Xabier Olasok dinamizatua, eta irakurzaletasuna bultzatzen du liburu, ipuin, abesti, poesia eta jolasetan oinarrituta. Hirugarren urtea duen ekitaldi hau Zabalganan egingo da.

Bestalde, “Idazteaz beste” euskal literaturarako gune bat da, elkarrizketa informaletan egituratua eta publiko berriekin konektatzea bilatzen duena. Aurreko edizioen arrakastaren ondoren, euskal kulturaren panoramako pertsona nabarmenekin itzuliko da jarduera. Urriaren 16an, 19:00etan, Ruper Ordorikak bere letrei eta literaturarekin duen harremanari buruz hitz egingo du Lakuan. Ondoren, azaroaren 6an, Aldaben, Garazi Arrula Ruiz eta Iñigo Astiz idazle eta kazetariak izango dira, literatur sorkuntzaz eta euskal ipuingintzaz hitz egiten.

Urriaren 24an Liburutegien Eguna ospatuko denez, Iradier Arenan Liburuak Trukatzeko Azoka egingo da urriaren 19an eta 20an. Bertaratzen direnek, gehienez ere, bost liburu, komiki edo ipuin trukatu ahal izango dituzte beste ale batzuengatik, betiere edizioak 2000. urtetik aurrerakoak badira. Gainera, Liburutegien Udal Sareak 5.000 liburu gehiago eskainiko ditu trukeetarako.

Euskadiko Arte eta Diseinuko Goi Mailako Eskolako (ID-arte) ikasleek sortutako kontakizun irabazleak eta ilustrazioak ere ikusgai egongo dira, Gazteentzako Nano-kontakizunen IX. Lehiaketaren esparruan. Lehiaketa Liburutegien Udal Sareak antolatzen du Laboral Kutxaren babesarekin.