Abian da Nafarroako Gazte Estrategia 2025-28 berrirako parte-hartze prozesua

Nafarroako Gazteriaren Institutuak gazteen parte-hartzea sustatu nahi du Nafarroan gazte arloko politiken jarraibide orokorrak ezarriko dituen dokumentua lantzeko

Nafarroako Gazteriaren Institutua 2025-2028 aldirako Nafarroako Gazte Estrategia berria prestatzen hasi da. Dokumentu horrek ezarriko ditu Nafarroan gazte arloko politiken jarraibide orokorrak. Etorkizunera begira, gazte politiken helburu nagusien artean daude gazteen egungo egoera aztertzea, estereotipoak ezabatzea eta Nafarroako gazteen ongizate integrala bermatzea.

Estrategia berria elkarlanean garatzen ari da. “Oraingo honetan, zure iritzia garrantzitsua da” lelopean, Nafarroako gazteek hainbat arlotan dituzten kezkak eta proposamenak adierazteko aukera izango dute, hala nola etxebizitza eskuragarria, enplegu duina, genero-berdintasuna, diskriminazioaren aurkako borroka, ongizate emozionala, talentu gaztearen prestakuntza, ekintzailetza, arte gaztea, aisialdi alternatibo, kolektibo eta osasungarria eta landa-eremuetako gazteen beharrei erantzutea.

Nafarroako Gazte Estrategia 2025-28

Parte-hartzea errazteko, inkestak, sektore- eta lurralde-mahaiak, talde fokalak eta eztabaida-foroak erabiliko dira, Nafarroako eskualde guztietan banatuta. Gainera, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren webgunean berariazko atal bat izango da nahi duen edozein gaztek modu digitalean parte har dezan.

Gazte arloko 20 ordezkarik osatutako aditu talde batek ere gainbegiratuko du prozesua. Espezialista talde horrek tokiko liderrak eta gazteriako teknikariak barne hartzen ditu eta estrategiaren edukiak aholkatu eta baliozkotzeaz arduratuko da, estrategiaren kalitatea bermatuz jendaurrean jarri eta Nafarroako Gobernuak onartu aurretik.

Nafarroako gazteen diagnostikoan bildutako datuen arabera, Nafarroako Foru Erkidegoan 14 eta 30 urte bitarteko 124.732 gazte bizi dira, hots, biztanleria osoaren % 18. Horietatik guztietatik, erdia baino gehiago (% 59) Iruñerrian bizi da. Nafarroan bizi diren beste gazteak oso modu heterogeneoan banatuta daude: Tuteraldean (% 13,6), Erriberagoitian (% 8,5), iparmendebaldean (% 7,5) eta Lizarraldean (% 5,1). Nafarroako gazteen % 16,7 etorkinak dira.