Ekintzaileentzako dirulaguntzak Bilbon

Bilboko Udalak, Bilbao Ekintzaren eta Lanbideren bitartez, 97 laguntza eskaintzen ditu negozio-ideia bat garatu edo enpresa-proiektu bat abian jarri nahi dutenentzat

Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, langabetuentzako 97 laguntza ekonomiko eskatzeko epea ireki du. Laguntza horiek negozio-ideia bat garatu nahi dutenentzat eta dagoeneko ezarpen-fasean dagoen enpresa-plan bat dutenentzat dira.

Guztira, 85 laguntza aktibatu dira negozio-ideiak garatzeko, eta horiek eskatzeko epea urriaren 28ra arte luzatu da. Horiez gain, enpresa-jarduera berriak abian jartzeko beste 12 laguntza izango dira. Kasu horretan, eskaerak egiteko epea azaroaren 11ra arte luzatuko da.

Interesdunek harremanetan jarri behar dute Bilbao Ekintzako Ekintzailetza Unitatearekin, eskaera-prozesua hasteko, 94 420 53 60 telefono-zenbakiaren edo emprendimiento@bilbaoekintza.bilbao.eus helbide elektronikoaren bidez.

Enpresa-ideiak

85 laguntzak Bilbon negozio-ideia bat aztertu eta garatu nahi duten langabeentzat dira. Pertsona horiek Bilbao Ekintzako Ekintzailetza Unitatearen laguntza izango dute, gutxienez, bi hilabetez. Laguntza horien zenbatekoa 1.000 eta 1.300 euro bitartekoa izango da ordainketa bakarrean. 85 laguntza horietatik, 28 30 urtetik beherako gazteentzat bideratuko dira eta beste 57ak 30 urtetik gorakoentzat. Azken horien artean, 22 gizonentzat izango dira eta 35 emakumeentzat.

Laguntza horiek jasotzeko baldintzen artean daude, besteak beste, Euskadin erroldatuta egotea, Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egotea, azken urtean autonomo gisa alta emanda egon ez izana eta Bilbao Ekintzaren aholkularitza-prozesuan egotea.

Enpresa-jarduera berriak

Bestalde, gainerako 12 laguntzak negozio-plan bat garatuta duten eta Bilbon enpresa-jarduera bat sortzeko bidean aurrera egitea bilatzen duten pertsonei zuzenduta daude.

1.500 eta 1.950 euro bitarteko laguntzak bi ordainketatan banatuko dira: % 50, ematen direnean, eta gainerakoa, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ) alta eman ondoren. Laguntza horiek 30 urtetik beherako 5 pertsonari eta adin horretatik gorako 7 pertsonari zuzenduta daude.

Laguntza horiek jasotzeko, bizilekuaren eta langabeziaren baldintza orokorrez gain, eskatzaileek enpresaren bideragarritasun-plan bat izan beharko dute, eta EJZn alta emateko konpromisoa hartu beharko dute aholkularitza-prozesua amaitu eta hiru hilabeteko epearen barruan.