Gabriel Arestiren omenezko musika-errezitaldia

Maite Larburu, Carlos Taroncher eta Karlos Arancegui musikariek “Harri eta Herri” poema-liburuan oinarritutako musika-interpretazioa eskainiko dute Bidebarrieta Kulturgunean

Bilbok Gabriel Aresti poetaren omenezko Egun Instituzionala ospatuko du urriaren 14an. Egun horretan, Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusiak poeta bilbotarraren omenezko musika-errezitaldia hartuko du. Bertan, Maite Larburu (ahotsa, gitarra eta biolina), Carlos Taroncher (klarinetea) eta Karlos Arancegui (bateria) musikariek ‘Harri eta herri’ poema-liburuan oinarritutako musika-interpretazioa eskainiko dute.

Izan ere, musika-errezitaldi hori aipatu lanaren 60. urteurrenaren barruan kokatzen da. Lan horrek mugarri bat ezarri zuen euskal poesian, hizkuntza modernoa erabiltzeaz gain, gai sozial eta politikoak jorratzen zituelako. 1964an argitaratua, Arestiren poema-liburuak euskarazko literaturarako bide berriak ireki zituen, jende arruntaren bizipenak eta egilearen pentsamendurik intimoenak txertatuz.

Poeta gisa egindako ibilbideaz gain, Gabriel Aresti idazle moldakorra izan zen, eta hainbat genero jorratu zituen, hala nola narratiba, antzerkia eta nazioarteko egileen itzulpena. Euskaltzaindiko kide ere izan zen, eta euskararen batasuna defendatu zuen. Bere lana konpromiso sozial sendoaz eta hizkuntzaren erabilera berritzaileaz beteta dago.

Parte hartu nahi dutenek Bilbao Kulturaren webgunean erreserbatu ditzakete gonbidapenak.