Bernaola Zikloak musika garaikideko 13 kontzertu eskainiko ditu

Urriaren 26tik otsailaren 1era bitartean, zikloaren XXI. edizioak nazioarteko eta Euskal Herriko artisten proposamenak eskainiko ditu doan

Musika Garaikidearen Nazioarteko Bernaola Zikloaren XXI. edizioak 13 doako kontzertu eskainiko ditu urriaren 26tik otsailaren 1era bitartean. Musika garaikide sortu berriari eskainitako programazioak dantzarekiko eta teknologia berriekiko interakzioa barne hartuko du eta, bertan, nazioarteko eta tokiko artista ezagunek parte hartuko dute.

Hamaika kontzertu Gasteizko kultur guneetan izango dira, hala nola Artiumen eta Jesús Guridi Musika Kontserbatorioan. Gainera, emanaldi bana egingo da Araian eta Bilbon.

Zikloa Ensemble Kuraiak Jesus Guridi Kontsebatorioan eskainiko duen emanaldiarekin hasiko da urriaren 26an.

Programazioaren hurrengo hitzordua jada azaroan izango da. Azaroaren 9an, Guillermo Weickert & Zuriñe Benaventeren ‘El grito del elefante’ emanaldia izango da Artium-en, 19:30etatik aurrera.

Astebete geroago, azaroaren 16an, Akusmaren txanda izango da, kasu honetan, Jesus Guridi Kontserbatorioan. Emanaldi horretan, soinu proiekzioa kontrolatzeko aukera ematen duen kanal anitzeko sonorizazio sistema bati esker, bertaratzen direnak hiru dimentsiotan sortutako muntaia baten barnean sartuko dira.

Azaroaren 23an, Jesus Guridi Kontserbatorioan, Quartetto Maurice taldea arituko da.

Abendurako bost dira programatu diren emanaldiak. Lehenengoan, abenduaren 7an, Bun Leng Project talde thailandiarra arituko da Jesus Guridi Kontserbatorioan. Bertan ikasten ari diren talent gazteen txanda abenduaren 10ean izango da.

Dzast Ahotsak abesbatzak emanaldi bikoitza eskainiko du abenduaren 14an eta 15ean. Lehenengo kontzertua Jesus Guridi Kontserbatorioan izango da eta bigarrena, berriz, Araiako San Pedro elizan.

Abenduko emanaldien txanda 21ean amaituko da Jesus Guridi Kontserbatorioan Ryoko Aokik eta Aldo Matak eskainiko duten kontzertuarekin.

Azken emanaldiak

Urte berriarekin batera Jabi Alonso perkusio-jotzaileak bi emanaldi eskainiko ditu. Lehenengoa, urtarrilaren 11n, Jesus Guridi Kontserbatorioan izango da. Bigarrena, bi egun beranduago, Bilboko J.C. Arriaga kontserbatorioan izango da.

Programazioari amaiera emateko, John Butcher (Erresuma Batua) eta Thomas Lehn (Alemania) inprobisatzaileek kontzertua emango dute urtarrilaren 18an, eta Ensemble Icarus talde italiarrak otsailaren 1ean.

Kontzertu guztiek sarrera librea izango dute lekua bete arte.