“Iruña Fokatu” argazki-lehiaketarako epea zabalik

Argazkiak aurkezteko epea datorren azaroaren 4ra arte izango da zabalik. Argazki onenekin datorren urteko udal egutegia osatuko da.

Iruñeko Udalak aurtengo “Iruña Fokatu” argazki-lehiaketarako deialdia egin berri du. Lehiaketa honen xedea da hiriaren aberastasun bisuala islatzea begirada pertsonal baten bidez. Argazkiak aurkezteko epea datorren azaroaren 4ra arte izango da zabalik eta hautatuak diren irudiekin datorren urterako udal egutegia osatuko da. Argazkiak formatu digitalean aurkeztu beharko dira iruñakulturada webgunean den inprimakiaren bidez.

Parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru irudi aurkeztu ahal izango ditu. Irudi horiek originalak izan beharko dute, eta ez dira onartuko beste lehiaketaren batean aurkeztutako edo saritutako irudiak. Edozein argazki-teknika onartzen da, betiere argazkiak . JPG formatuan aurkezten badira, 72 ppp-ko gutxieneko bereizmenarekin eta 2 MB-ko gehieneko tamainarekin. Irudien tamainak 794×1077 pixelekoa (28×38 cm) izan behar du orientazio bertikalean, edo 1077×794 pixelekoa (38×28 cm) orientazio horizontalean. Aukeratuz gero, irudiak bereizmen handiagoan bidali beharko dira.

Lehiaketak hiru sari nagusi ditu, 900, 600 eta 500 eurokoak, hurrenez hurren, argazkirik onenentzat. Gainera, udal egutegia osatuko duten hamabi irudiek 150 euroko saria jasoko dute. Epaimahaiak egoki iritziz gero, gehienez bost aipamen berezi eman ahal izango dira.

Aurreko edizioan, 181 parte-hartzailek bidalitako 479 irudi jaso ziren guztira; horietatik 121 gizonezkoak izan ziren eta 60 emakumezkoak.

Epaimahaia argazkigintzako profesionalek eta Iruñeko Udaleko teknikariek osatuko dute. Balorazioa egiteko, besteak beste, konposizioa, argiztapena eta proposatutako ikuspegien aniztasuna hartuko dira kontuan.